Izortze Santin.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Txikitasunetik handia

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Oraingoan artikulu hau konfinamendutik idaztea egokitu zait. Umeak aitarekin utzi, gelako atea itxi, ordenagailua piztu, eta orain? Egoera honetara behartu gaituen izakiaz idatziko banu? Hain txikia izanik, gure mundua hankaz gora jarri duen birus horretaz arituko banintz? Originala ez naiz izango, seguru, baina hain genoma sinplea duen birus batek eragin dezakeen kaosa ikusita, haren genomaz aritzea interesgarria izan daitekelakoan nago.

Hiru hilabete besterik ez dira pasatu Txinako Wuhan hirian lehen aldiz SARS-CoV-2 edo COVID-19 koronabirusa antzeman zenetik. Denbora honetan, birus honekin erlazionaturiko artikulu zientifikoen kopurua esponentzialki handitu da Pubmed datu basean, eta GISAID plataformara igo diren birusaren sekuentzia genomikoak 350tik gora dira.

Koronabirus honen informazio genetikoa 29.900 nukleotidoz osatutako harizpi bakarreko RNA molekula batean dauden hamar genetan kodetuta dago. Pertsonen genomarekin alderatuta,koronabirusaren genoma 100.000 aldiz txikiagoa da eta 2.500 aldiz gene gutxiago ditu. Hamar gene horien artean daude: batetik, birusaren oinarrizko egitura eratuko duten proteinak kodetzen dituzten lau geneak; bestetik, bere RNA molekularen erreplikazioa baimenduko duten beste proteina batzuk kodetzeaz arduratzen diren geneak. Hamar gene besterik ez, zelula ostalarian sartu, bere erreplikazio-makineria bahitu eta bere burua behin eta berriro bikoizteko. Minimotik maximoa lortuz.

COVID-19a agertu denetik, munduko ostalari ezberdinetatik isolatutako anduien sekuentziazioak erakutsi du COVID-19aren genomak zenbait aldiz mutatu duela. Izan ere, Italian infektatutako alemaniar batetik isolatutako COVID-19aren genoman hiru mutazio berri zeudela ikusi dute, aurretik Txinan isolatutakoekin alderatuta. Beste RNA birusetan ikusi den bezala, gripea eragiten duen Influenza birusa kasu, COVID-19aren mutazio-tasa altua dela dirudi. Ez du ematen, ordea, orain arte identifikatutako mutazioek birusak infekziorako duen gaitasuna aldatu dutenik, ezta etorkizunean lortuko den txerto baten eraginkortasunean eragingo dutenik ere. Haatik, mutazioen identifikazioa eta jarraipena oso erabilgarria izan daiteke birusaren hedapen eredua zehazteko.

Hamar gene besterik ez dituen birus honek, gure sistemaren gabeziak azaleratu ditu. Egoera hau sistema iraultzeko ez ote genukeen baliatu behar galdetzen diot neure buruari. Koronabirusaren antzera, norbanakoen txikitasunetik, komunitate handia eraikiz. Bitartean, zaindu gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.