HERTZAK

Troiako zaldiak hegalak ditu

Mikel Zumeta.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Txilen gaude, gizon bat biluzik agertu da kalean. Atxilotu eta ospitaleko psikiatria eremuan sartu dute. Pazientearen kasua 63.a da. Ospitalean Elisa Alduneta psikiatrak tratatuko du etorkizunetik datorrela esaten duen pazientea.

Caso 63 Txilen sortutako irrati fikzioa da, Emisor Podcastingek ekoitzia, eta Spotifyn entzungai dago. Bertan Antonia Zegers eta Nestor Cantillana aktoreek terapeutaren eta pazientearen rola jokatzen dute. Saioek hamabost minutu inguruko iraupena dute, eta fikzioa bi denboraldiz osatua dago. Podcasta iaz aireratu zen estreinakoz; pandemian bizitakoaz elikatuko da fikzioa tamaina batean, baina badu Twelve Monkeys, Back to the Future edo Gattaca bezalako filmen gidoietatik zerbait ere.

Saioak xumeak dira, soilak, pazientea eta terapeuta solasean izango ditugu, bata bestea konbentzitu nahian dabil. Nork izango du arrazoia? Soinu diseinua ere oso neurtua du: sinplea eta zorrotza, elkarrizketak behar duten tenkaz eta dramatismo ukituaz hornitzeko.

Istorioa entzuten ari nintzela, morroiaren eta heriotzaren alegia etorri zait burura, Thomasen teorema ere bai. Edipo otu zait, James Cole (Bruce Willis), eta Kasandraren konplexua. Etorkizunaz ari zaigu fikzioa, halabeharrezkoak izan daitezkeen etorkizun hurbil eta ikaragarriez. Fikzioak askorako ematen du, elkarrizketa soila, eta bertan, misterioa, zirrara eta hausnarketarako gai ugari plazaratuko dituzte.

Zer gerta daiteke pandemiak bata bestearen ondoren jazotzen badira? Klima aldaketak Lurrean bizitza aldatzen duenean? Teknologia kolapsatu egiten bada eta sarea desagertzen bada? Ez zait iruditzen inor etorriko denik gu salbatzera. Hori bai utziko diodala fikzioari. Ezagutzen dudan errealitate horretan, gizartea da bere gain ardura hartu behar duena. Bestela, jai daukagu.

Caso 63 podcastaren ingelesezko bertsioa prestatzen hastekoak dira; bertan, Julianne Moore eta Oscar Isaac aktoreak izango dira protagonistak, istorioa printzipioz berdina izango da —eta printzipioz diot, badakigulako nolakoak diren estudio handiak eta AEBetakoak halako edukiekin: artifizioaren oso zaleak izaten dira—. Emaiozue, bada, aukera bat istorioari, pilulatxoetan doituko den fikzio interesgarriari, itsasoaren beste aldetik datorren etorkizun uhin kritikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.