«Esperantza dugu Jainkoak zu eta zure gisa gure alde aritzeagatik hondatu eta kaltetuta geratu direnak konpentsatzeko bidea bidaliko digula». Katalina I.ak, 1512ko abenduaren 20an.
Erraten zuten koldar bat zela. Erraten zuten ez zela nehoiz itzuliko. Eta erraten zuten baita hilda zegoela ere. Hilda! Nik banekien ez zela hala. Ez nuen dudarik. Horregatik, Wikipediako errege artxibozainaren direkzionetik berorren hilobiaren irudia igorri zidatenean ere, ez nuen sinetsi. Gauza jakina da errege artxibozain hori gaztelarrekin aliaturik dela aspaldian, eta hek bezain faltsuzalea dela. Nik banekin bizirik zela, eta itzuli egingo zela nazionearen liberatzera. Hain baita berori onbera. Inoiz bertzelakoa izan zitekeen arren, gaur egun, 1512ko uztailaren 13 honetan, erraldoia baita berorren gorentasunaren bihotza. Eta hemen dago, azkenik! Biba Joan III.a! Biba Nafarroako berezko eta legezko eta fedezko eta, batez ere, paper-kartoizko errege goragarria: Gora (garria)! Betirako bizitza berorri! Izan ere, hiltzea, hori ez baita errege baten jokabidea. Zeren, zer egin dezake bada zaldun batek jadanik existitzen ez den erresuma baten defentsan?
Berorren gorentasunak badaki fidel izan natzaiola beti. Baita situazionea aurka jarri delarik ere. Baina ez beza pentsa hori izan denik kostunbrea berorren lurretan. Gureen artean ere izan dira traizioneak. Noski, nire zalduntasunak ez dit permititzen inoren salatzaile izatea, eta nehoiz ez nuke egingo traidoreen zerrenda ttipienik ere. Nehoiz ez! Ezta nire mesedeko faborerik ekar lezakeela oharturik ere.
Beraz... jauna, hemen traidoreen zerrenda ttipi bat:
Elizondoko Edurnetar zaldun beltza;desanimoa zabaltzearen kausaz. Uztailaren 6a: berorren erresumako biztanleen eta hen aktioneen aurka sekulakoak bota zituen. Gero etxera joateko deliberazionea hartu zuen. Altxamenduaren egunean bertan! Caravinagre nafar sarjentu neutrala ere izutu zuen bere mihi zorrotzak, eta saiatu zen gudarien artean desanimoa zabaltzen. Iainkoaren graziaz, alferrik aritu zen. Baina buruzagirik gabe, eta agindu zehatzik gabe, edaten eman behar izan zuen bere konpainiak eguna. Gajoa!
Goiritar leinuko Iker, Aloñako komandantea, Garaziko Hidalgoa eta Beitiako jaun Juana jauna; desertzionearen kausaz. Nafar tropen deia jaso bai, baina ez dute izan gure erresumaren defentsan pertsonatzeko balorerik. Berorren erraldoitasunak ez dezala pentsa, ordea, eurek nahi izan dutelako joan direnik, ez, ez, kontrara: nik kanporatu ditut.
Renedoko lurretako eta Altunako konderrietako jaunak; indisziplinaren kausaz. Nire agindu zuzenen desobedientzian ibili dira. Hamaikak ziren, eta gudarostea Xolom-eko etsaien aurka zebilen, baina bi traidoreok Mazedoniaren aurka baizik ez zituzten erabili beren labana eta aizkorak. Nire edota Larrayozko zaldunaren ezein aginduk ezin zituen gerarazi, eta, ezinbestean tropak orok egin zuten bat hen Mazedoniako kanpainarekin. Mmmmmmmm!
Maiako jaun Enrique; noble tituluen usurpazionearen kausaz. Nafar jende libreen kaltean, bere burua Iruñeko Jaun eta Jauntxotzat aurkeztu du egunotan. Eta are okerrago dena: Iruñeko Jaun eta Jauntxo gisa aritu da. Ez dakit berorren itzulerak grazia handirik egingo dion.
Nire zerbitzuak eskertuko dituelakoan, onar beza hemendik aurrera neure buruari aitortutako ondorengo izendapenen zilegitasuna. Inoiz ez dut izan tentazionerik berorren postua eskuratzeko, eta fideltasun horregatik, ondorenean Sarriako señore eta Oporreko hartzaile izendatzen dut neure burua. A, bai, baita Nafarroako errege ere. Berezko nafar errege. Leial.
Ezkutuko kronikak
Traidoreen zerrenda ttipia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu