Lide Arana.
EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea

Tolestura bidearen garrantzia

2024ko urriaren 25a
05:05
Entzun

Zenbat modutara tolestu daiteke kamiseta bat? Kamiseta tolestua izatera iristeko prozesua desberdina izan daiteke: lehenengo tolestu dugun mahuka zein izan, mahai gainean edo airean egin… bidea desberdina izango da. Kasu guztietan, hasieran kamiseta zabaldua genuen eta bukaeran kamiseta tolestua, baina erabili dugun denbora eta dedikazioa desberdinak dira. Proteinekin antzera gertatzen da, zabalduta egotetik (aminoazido sekuentzia lineala) tolestuta egotera (egitura tridimentsional egokia) bide bat baino gehiago har daitezke, eta, dakigunez, hartutako bideak garrantzi handia du.

Urriaren 9an jakin genuen proteinen sekuentzia eta egitura erlazionatzen dituen kodearen aurkikuntzak jaso duela aurtengo Kimikako Nobel saria. Sarituak izan diren ikertzaileei eta beraien lankideei esker orain aurresan daiteke edozein aminoazido sekuentziaren (kamiseta zabalik) egitura nolakoa izango den tolestura prozesuaren ondoren (kamiseta tolestua). Alderantzizkoa ere saritu dute: egitura diseinatu berri bati dagokion sekuentzia aurresatea lortzea, duela bi urte azaldu moduan. Hori horrela izanik, batek pentsa dezake aminoazido katea lineal batetik egitura tridimentsionalerako jauzi hori nolakoa den ulertzea lortu dugula. Bada, ez da horrela. Nobel saria jaso duten aurkikuntzek prozesuaren hasierako eta amaierako argazkia erlazionatzeko gaitasuna dute, baina batetik bestera egiten den bidea argitzeko dago oraindik. Kamiseta bat tolesteko modu kopurua mugatua da, baina, proteinak ehunka aminoazidoz osaturik daudenez, tolesturen aukerak kalkulaezinak dira.

Proteina guztiek ez dute tolesteko erraztasun bera, eta laguntza izanda ere gerta daiteke okerreko bidea hartzea. Batzuek laguntza behar dute, eta ere gerta daiteke okerreko bidea hartzea. Bide okerra hartzeak ekar dezake proteinaren tolestura mantsoegia izatea eta helburura garaiz ez iristea. Horrek ekar dezake proteinaren funtzioaren galera eta, kasu batzuetan, gaixotasun konformazionalak deituriko prozesuen garapena. Hala nola alzheimerra, parkinsona, huntingtona edota gaixotasun prionikoak. Tolestura bidea hobe ezagututa, prozesu patologikoak ere hobeto ulertuko direla uste da.

Bereziki interesgarria da sintetizatzen ari diren proteinen tolestura prozesua ezagutzea: ez da berdin tolesten sintetizatzen ari den unean edo beste edozein unetan. Horretan sakondu duen ikerketa lana argitaratu zen abuztuan Nature aldizkarian. Ikerlanean zelula barnean proteinak sintetizatzeaz (aminoazido kateak osatzeaz) arduratzen den erribosoma deituriko nanomakinaren funtzioa aztertu dute. Ikusi dutenez, erribosomek proteina sintetizatzen ari den bitartea tolesdura-bitartekariak termodinamikoki faboratzen dituzte. Horrelako aurkikuntzak oso interesgarriak izan daitezke tolesketa prozesuan arazoak dituzten proteinei laguntzeko estrategiak garatzeko. Hau da, oraindik tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun konformazionalak hobeto ulertu eta terapia berriak garatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.