Duela urte batzuk ikertzaile talde batek neandertal bat aurkitu zuen Frantziako Rhone haraneko kobazulo batean. Berriki, ikertzaileek Thorin ezizena jarri diote, Tolkienen liburuetan agertu eta Mendi Bakartian jaio zen ipotxaren omenez. Izena ezin zen egokiagoa izan, neandertal hori eta haren leinua 50.000 urte baino gehiagoz beste populazioetatik guztiz isolatuta bizi izan zela ematen baitu.
Thorinen adina jakiteko zenbait teknika erabili ziren. Batetik, genomikan adituek hortzetatik eta masailezurretik DNA erauzi eta haren genomaren sekuentzia osoa aurretik sekuentziatutako neandertalen genomekin alderatu zuten. Bestetik, Thorinen hezur eta hortzetako isotopoak aztertu zituzten, zein klimatan bizi izan zen jakiteko. Hasierako neandertalak klima epelean bizi ziren, baina duela 40.000-50.000 urteko neandertal berantiarrak Izotz Aroan: klima hotzagoan. Emaitza argia izan zen: Thorin Izotz Aroko gizakia da.
Lehen analisi genomikoek Thorin estimatutako adin arkeologikoa baino askoz zaharragoa zela iradoki zuten, haren genoma beste neandertal berantiarrenekin alderatuta oso desberdina zelako. Are gehiago, duela 100.000 urte inguru Gibraltarren bizi ziren neandertalen genomaren antz handia zuen. Ikertzaileek zazpi urte eman dituzte erabakitzen oker nor ote dagoen, arkeologoak edo genetikariak.
Ba, antza, bietako inor ez. Irailean genetikarien eta arkeologoen estimazioak bateratu ditzakeen teoria bat argitaratu zuten Cell Genomics aldizkarian. Horren esanetan, Thorin duela 42.000 eta 50.000 urte artean bizi izan zen, komunitate txiki eta isolatu batean. «Orain arte uste zen desagertu ziren garaian neandertalek populazio genetiko homogeneo bakarra osatzen zutela, baina orain badakigu gutxienez bi populazio zeudela», esan du Kopenhageko Unibertsitateko Tharsika Vimala genetikariak, lanaren lehen egileak. Beraz, 50.000 urte luzetan zehar, orduko leinu isolatu haiek ez zuten inolako kontakturik izan, eta ez zuten generik trukatu. Ikertzaileen arabera, hori «imajinaezina» litzateke sapiens batentzat, eta agerian uzten du neandertalek bestelako mundu ikuskera zutela.
Komunitateak txikiak zirela jakitea funtsezkoa izan liteke neandertalen desagerpena ulertzeko, isolamendua, orokorrean, populazioaren egokitzapenerako desabantaila delako. Lan honek gizaki modernoaren errugabetasunari bultzada emango lioke gure ahaideen desagerpenaren auzian. Ugariak dira errua egotzi izan diguten lanak. Paleoanthropology aldizkarian 2022an argitaratutako lan batek proposatu zuen, neandertalen desagerpena gure erruz bai, baina gerra bat tarteko baino gehiago, espezie bien arteko sexua dela-eta gertatu zela. Antza, neandertal emankorrak sapiens taldeetan integratuz joan ziren. Fenomeno horrek azal lezake egungo gizaki modernoaren genomaren %2k neandertal jatorria izatea.
Isolamendua, gerra edo sexua tarteko, oraindik asko ikertu behar da neandertalen desagerpenaren korapiloa askatzeko.