Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Superbakterioen kontra, ildo berriak

2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Aspaldiko urteetan zientzialariak fenomeno arriskutsu bat behatzen ari dira: gure betiko antibiotikoak geroz eta ahulagoak dira bakterioen aurka. Oso gainetik esanda, bakterioak eboluzionatzen ari dira gure antibiotikoei aurre egiteko, eta, beraz, oso arriskutsuak bilakatzen ari dira osasunarentzat. Bakterio boteretsu horiei super-bakterio deitzen zaie modu informalean. Haien agerpenaren arrazoien artean, antibiotikoen erabilera txarra dago, noski. Ondorioz, gaixotasun horiei aurre egiteko ditugun armak zaharkituak geratzen ari dira. Eta hori bai dela serio hartu beharko genukeen arma lehiaketa!

Zorionez, ikerketa asko daude martxan gai kezkagarri horren inguruan. Gaur zuengana ekarri nahi dudana adimen artifizialaren aplikazio onuragarri horietako bat da. Zutabe hau irakurtzen duzuenok badakizue beti defendatzen dudala adimen artifizialak duen potentziala hainbat esparrutan gure bizitza hobetzeko. Hau da defendatzen dudanaren adibide politenetakoa. Aurreko astean argitaratu zen zientzia artikulu batean erakusten zuten nola erabili neurona-sare artifizialak antibiotiko berriak diseinatzeko, superbakterioen aurka arma berriak izan ditzagun.

Ez da erraza hemen xehetasunen berri ematea, baina saiatuko naiz ideia garrantzitsuenak azaltzen. Lehenik eta behin, neurona sare bat entrenatu dute hainbat molekulak bakterio konkretu baten aurka duten eraginarekin. Horrela, neurona sareak ikasi du molekulen ezaugarri kimikoak nola erlazionatzen diren bakterioaren defentsa mekanismoekin. Bigarren pauso batean, sei mila konposatu kimiko inguruko datu base batean probatu dute neurona sarea, bakterioen aurka erantzun handiena eman dezaketen konposatuak topatzeko. Bilaketa horretan, ordea, beste bi baldintza ere sartu dituzte ikerlariek. Lehena, konposatu kimikoek duten egitura gaur egun erabiltzen diren antibiotikoekiko ahalik eta ezberdinena izatea; horrela, ikerlariek bakterioen aurkako estrategia guztiz berritzaileak topatu nahi dituzte. Bigarrena, zelula gizatiarrentzat toxikotasun maila ahalik eta baxuena izatea. Konposatu kimiko batek bigarren baldintza hori betetzen duen ala ez jakiteko, beste neurona sare bat erabiltzen dute.

Artikuluan erakutsi dute era horretara diseinatutako antibiotiko berritzaile batek hainbat superbakterio hiltzen dituela laborategiko probetan. Saguetan ere probatu dute, eta arrakasta izan dute. Jada aztertzen eta ulertzen ari dira antibiotiko berri horrek nola lortzen duen superbakterioak hiltzea. Hori guztia gutxi ez, eta superbakterioek ez dute egokitzeko gaitasunik erakutsi antibiotiko berri horren aurka, 30 egunean egindako probetan. Antibiotiko arruntetan ikusten omen da bakterioen egokitzapen prozesua, baina antibiotiko berri horren aurrean ez omen dira oraindik borroka egiteko gai.

Bide berri bat ireki da superbakterioen aurkako gerran. Oraindik hastapenetan gaude. Antibiotiko berri horiek gure farmazietan topatu arte denbora asko pasatu beharko da. Baina berri itxaropentsuak dira. Orain arte antibiotiko berriak diseinatzea lan nekeza eta makala zen. Orain, adimen artifiziala tarteko, prozesu hori ikaragarri azkartu dezakegu, bakterioen egokitzapen denborari aurre hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.