Irudikatu une batez egoera hau: gizonezkoen futbol ligako sari banaketa bat egiten ari dira. Bertan Athleticeko jokalari Iñaki Williamsek burukada bat eman dio Ernesto Valverde entrenatzaileari, eta azken horrek, jendaurrean, arrazista izatea leporatu dio. Egoera horri probetxua ateratzeko irrikaz, Voxeko jarraitzaileek eskuin muturreko diskurtsoak indartzeko baliatuko dute.
Bada, hori da La Fièvre (Sukarra,euskaraz)telesailaren premisa: UNFPren sari banaketan, «toubab zikina!» —toubab hitzak woloferaz zuria esan nahi du, eta konnotazio gutxiesgarria du— oihukatu bitartean, futbol talde bateko izarrak (beltza da) burukada bat emango dio bere entrenatzaileari (zuria da). Nahiz eta istilua, berez, inolako konnotazio arrazistarik gabeko gaizki-ulertu batetik sortu den, gertakari horren bideoa izugarri zabalduko da eta sareak sutan jarriko ditu.
Hortik aurrera bi emakumek gidatutako gerra mediatikoa hasiko da: futbol taldeak premiaz errekrutatuko duen Sam Berge, komunikazio agentzia batean lan egiten duen kontseilari politikoa. Beste muturrean, aldiz, Maire Kinsky aurkezle eta umorista probokatzailea; ez du inolako eskrupulurik gertaera instrumentalizatzeko eta eskuin muturrak boterera iristeko puztutako arraza eta politika tentsioak ustiatzeko. Telesailak erritmo geldiezina du, oso bizia eta entretenigarria da, baina pertsonaiak ez ditu inoiz alboratzen, horiek kokatzen ditu erdigunean.
Sei ataleko telesail honek, Frantziako Estatuko gizonezkoen futboleko eskandalu baten aitzakiarekin, eskuin muturreko hedabideek eta sare sozialek gorrotoa pizteko eta sortzeko polemikak nola zabaltzen dituzten erakusten du. Politikariek, masak mugiarazteko helburuarekin, narratiba nola manipulatzen duten eta horrek gizarte kohesioari nola eragiten dion ere aztertzen du; futbola, polarizazio politikoa, fanatismoa, arrazakeria, albiste faltsuak, sare sozialak... Bizi garen munduaren erakusgarria da.
Egiari zor, gai horiek jorratzeko modua nahiko azalekoa da, ez du ikerketa oso sakonik egiten, baina entretenimendu gisa oso ongi funtzionatzen du.
Baron noir telesaileko gidoilariek sortutakoa da lana, eta Frantziako Estatuko gizartea zeharkatzen eta zatitzen duten identitate hausturak gordinki azaleratzen ditu. Gustura ikusi dut.