Afrikako Futbol Kopa hasi da. Hasi zen, larunbatean hasi ere, Gabon eta Ekuatore Gineako lurretan. Zer, ez duzuela jakin? Lasai, normala da oso, urrun geratzen zaigu kontinente beltza —eta marroia, eta zuria, eta abarrekoa; Afrika, alegia—. Urrun geratzen zaigu, urrun geratzen zaielako kazetariei, ez dutelako sobera interesik handik datozenekiko, ez badira gerra, gosete, gaixotasun. Akaso Espainia aldean zerbait esango zuten, kolonia ohian ere jokatuko delako, baina deus gutxi; Fraga ikustea iruditu zait herrialdeak independentzia-edo lortu zueneko irudi batzuetan—dena lotuta eta ondo lotuta—. Total, ezer ez. Ikusiko duzue udan, Europako Txapelketa hasten denean, berdin pasatzen zaigun oharkabean.
Izan ere, nork izan dezake interesik Afrikako futbolariengan? Gaurko zutabearen tituluaz egin baduzue galde, aterako zenuten metafora politik. Baina esan beharra dago tituluko soka horrek gutxi duela urkatuak zintzilikatzeko erabiltzen duenetik; ez da euskara, swahilia baizik. Eta ekarriko bagenu euskarara, futbol afrikarra, edo antzeko zerbait esango genuke. Baina Afrikako futbolarien gaineko interesaz ari ginen. Eta hori azaltzen digu, hain zuzen, Soka Afrika izeneko dokumentalak. Ezin hobeki. Koparen hasierarekin gogoratu dut, iaz ikusi nuen; telebistan ere eman dute, Al-Jazeeran esaterako; Interneten aurkituko duzue, denbora pixka bat hartuz gero—Megaupload-en ondorengo lehen urtea den honetan—.
Argi eta garbi: Afrikako futbol jokalarien tratuaz ari zaigu, salerosketaz, esklabotza modu garaikide horretaz. Europara nola ekartzen dituzten, nola saltzen dituzten, saltzeak dituen adiera ezberdinetan. Horretarako, bi gazte hartzen dira ardatz, bi kasu erabat ezberdin. Lehena, kamerundarra, bitartekari batek eraman zuen Parisera, gero han uzteko —dirua patrikan sartu ondoren, noski—. Dokumentalaren arabera, bitartekarien %40 lirateke ustelak. Bigarrena, hegoafrikarra, bide legalagoetatik europartua, aurrera egin ezin eta atzera etxera bueltatu behar da, porrotaren sinbolo.
Eta eman lezakete gisa horretako dokumental bat gure inguruotan hain kirolzale diren telebistetan. Baina, zer ari naiz esaten, ia-ia Afrikako Kopa hasi denik ere ez gara konturatu eta. Hori bai, ikusiko nola gaur gaueko partidaren emaitzaz, nahita ere, ezin izango garen libratu.
Komunikazioa. Ekografiak
Soka Afrika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu