Tolosaldeko (Gipuzkoa) taberna baten atarian eseri naiz eta, egunkaria irakurtzen ari nintzela, ondoko mahaian eseri dira Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai. Minutu gutxira sartu da Iosu Arrizabalaga Izer trikitilari azkoitiarra. Kriantza ardo bana eskatu dute eta solasean hasi dira. Badakit besteen elkarrizketak entzutea ez dagoela ongi eta ez gaizki ulertu. Antzeko solasaldiak otsailetik hilero gertatzen baitira Ataria irratiko Hauspo artean irratsaioan.
Ander Maldabi eta Eneritz Aulestiaren lekukoa hartu zuten urte hasieran Lizarribarrek eta Torrealdaik. Bi trikitilari, trikitilariak elkarrizketatzen, lagun arteko solasaldi goxoan eta helburua, euren lagunak jendeari gerturatzea. Hauspo artean saioan ez dugu kazetari batek egingo lukeen elkarrizketa zorrotz bat topatuko, baina bai, soinu txikiaren bueltan sortzen den magiaren zati bat. Itsaso Elizagoen, Leire Zumeta, Iker Allur eta Iosu Arrizabalaga Izer izan dituzte aurtengo denboraldian gonbidatu irratsaioan. Galdera desberdinak egin dizkiete, baina trikitilariei egiten zaien galdera ohikoena ez da falta: zenbat trikitixa dituzu? Eta susmoa dut galdera hori artzain bati zenbat ardi dituen galdetzea bezalakoa ez ote den. Gonbidatua bera mahaitik altxa eta tabernariari eskatzen dizkio piezak. Erromerietan jendea oholtzara kanta eske hurbiltzen den bezalaxe.
Izerrekin izandako elkarrizketaren lehen 10 minutuak trikitilari mitikoen errepaso bat egiteko egundokoak iruditu zaizkit. Eta ze pasioz kontatzen duen Laja zenarekin eskolak nola hartu zituen: «Lajak ez zizkidan piezak erakutsi, soinua jotzen irakatsi zidan». Ez baita berdina soinua atera edo soinua jotzea. Zenbatetan entzun zuen bere gurasoek eztei bidaiarako prestatu zuten Andorra kasetea, ondoren topatu eta digitalizatu zuena. Imajinatu dezaket Izer mutikoa kotxean, leihoa jaitsita, txirula jo eta kantatu biak batera egin nahian.
Orokorrean eta salbuespenak salbuespen, infernuko hauspoak ez du leku askorik irratietan. Folklorearekin eta baserritar jantziekin lotzen da, baina izan da eta bada oraindik ere indartsu dagoen tresna. Edozein musika estilorekin uztartu litekeen musika tresna dela erakutsi digute, gure belarrien gozagarri. Erromeriak faltan botatzen ditugun garai honetan, irtenbide ona izan liteke Ataria irratian Hauspo artean entzutea, eta konturatuko zarete soinu txikia, askok uste dutenaren kontra, bizirik dagoela.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN
Soinu txikia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu