ana galarraga aiestaran

Sexu jazarpena zientzia eremuan

2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Mari Carmen Fernandez Vazquezen kasua ez da oraingoa, baina egun hauetan berriro azaldu da komunikabideetan. Izan ere, ikerketek erakutsi dute hasieran zirudien baino are larriagoa izan zela gertatutakoa, eta, gainera, arduradunek itsu, mutu eta gor jarraitzen dute. Eta okerrena, hau: ez da salbuespen bat; egiturazko egoera baten muturreko adierazpena da.

Fernandez CSIC erakundeko langilea zen. CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia da, Frantziako CNRSren parekoa, eta munduko zazpigarren ikerketa-instituzio publikoa. Besteak beste, ontzi ozeanografikoak baliatzen ditu bere ikerketak egiteko, eta haietako batean zerbitzari lanak egiteko kontratua zuen Fernandezek. 2023ko irailaren 10ean, kanpainan zeudela, desagertu egin zen. Ikertzaileen susmo nagusia da bere burua itsasora bota zuela, baina ez da baztertzen istripua izatea edo horretara bultzatua izatea ere.

Ikerketa ofizialak ez du ezer argitu, baina komunikabide batzuek zenbait xehetasun eman dituzte: ontziratu zen egunean, emakumeak senarrari eta anaiari deitu zien telefonoz, esateko 2019an bortxatu zuen lankidea ontzi berean zegoela.

Fernandezen abokatuaren arabera, bortxaketak txikituta utzi zuen. Salaketa jarri zuen, eta bi urtez egon zen bajan, tratamendu psikologikoarekin. 2020an, salaketa artxibatu egin zuten; jazarriak eta jazarleak hitzarmen bat sinatu zuten, gaizki-ulertu bat zela esanaz, eta aurrerantzean elkarrekin harremanik ez zutela izango aginduz.

Fernandezek CSICeko nagusiei ontziz aldatzeko eskatu zien. Haiek, ordea, ez zioten kasurik egin, eta 2022ko irailean ontziratzeko deitu zioten, bortxatu zuen lankidea ontzi berean zegoela. Erantzun zuen ezin zuela, eta medikuek ere hala berretsi zuten. Urtebete geroago, hala ere, jada medikaziorik gabe zegoenean, berriro deitu zioten.

Tarte horretan, Fernandez, hau da, biktima, sexu jazarpenari buruzko ikastaro bat egitera behartu zuten. CSICi laguntza eskatu zion, behin baino gehiagotan, babesa eskatuz, baina ez zioten erantzun. 2023ko irailean ontzira lanera itzuli zenean, lankide harekin egin zuen topo. Gizona ontzitik lurrera jaitsi zen gero, eta handik gutxira Fernandez desagertu egin zen.

Gaur egun, kasuak argitu gabe jarraitzen du. CSICek sexu jazarpenari aurre hartzeko protokoloa berritu du, baina biktimek salatzen dute paperean geratu dela. Izan ere, Fernandezen kasua, muturrekoa bada ere, ez da salbuespena. 2020ko inkesta batek erakutsi zuenez, itsas zientzietako emakumeen %78k jazarpena jasan zuten, bereziki, itsas kanpainetan eta unibertsitatean. Eta beste arloetan ere beste hainbeste gertatzen da, isilean.

Hain zuzen, adituek bi faktore nagusi identifikatu dituzte horren zergatia azaltzeko: batetik, zientzia objektibotasunarekin eta neutraltasunarekin lotu ohi da, eta horrek zaildu egiten du susmo txarrik izatea.

Eta, bestetik, zientzia sistema oso hierarkikoa da, eta oso prekarioa, batez ere arlo feminizatuetan. Horregatik, emakume jazarriek, salaketa jartzeko ohiko zailtasunez gain, ibilbide profesionalean ondorioak izateko beldurra ere izaten dute, jazarpena, normalean, bertikala izaten baita.

Emakumeak zientziara erakartzeko kanpainetan lehentasunezkoa izan beharko luke zientzia denontzat eremu segurua dela bermatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.