ana galarraga aiestaran
Elhuyar Zientzia

Sasizientziak eta ilusioak

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Inkesten arabera, populazioaren gehiengoa ohartzen da pentsamendu konspirazionista eta paranormala gezurra edo iruzurra dela. Aldiz, gehiago dira sasizientzietan sinesten dutenak, neurri batean, edo haietako batzuetan behintzat. Berez, ideia eta praktika sasizientifikoek ez dute zientziaren bermea, ez baitute nahikoa ebidentzia zientifikorik frogatzeko zuzenak direla. Baina itxura zientifikoz jantzita aurkezten dira; adibidez, hitz tekniko eta espezializatuak erabili ohi dituzte, oinarri zientifikoa dutela iradokitzeko.

Haietan sinesteko joera, ordea, ez da soilik itxura-kontua: gure garunak ere horretan laguntzen digu. Hain zuzen, eboluzioan zehar, gertakariak batzuk besteekin erlazionatzeko eta hortik ondorioak ateratzeko gaitasuna garatu dugu. Horietako bat, oso errotua, kausa-efektu erlazioak ezartzeko joera da. Bizirauteko funtsezkoa da: istripu bat izan badugu, edo gaixotu bagara, zergatik izan den jakin nahi dugu.

Egunerokoan, beraz, etengabe sortzen ditugu erlazio kausalak, eta horietan oinarrituta hartzen ditugu erabakiak. Baina ez baditugu zalantzan jartzen eta ondo aztertzen, gerta liteke erlazio okerrak ontzat jotzea, ilusio hutsak izatea.

Ez da zaila horrelakoak gertatzea. Esaterako, gaixo egonda tratamendu bat hartuz gero, eta biharamunean hobeto egonez gero, normala da pentsatzea tratamenduari esker izan dela. Baina, izatez, ez du zertan horrela izan: gerta liteke tratamendurik gabe ere, berez egitea onera. Kontua da norberak ezin duela baieztatu; horretarako, alderatu beharko litzateke zer gertatzen den tratamendua hartuta eta hartu gabe. Hain zuzen ere, hori egiten dute saio klinikoetan, ikusteko probatzen ari diren sendabidea plazeboa baino hobea ote den.

Egunerokoan, ez ditugu geure buruarekin esperimentuak egiten, eta ez gara ohartzen zein erraza den ilusio kausalak ezartzea. Gainera, zenbait faktorek indartu egiten dute joera. Esaterako, frogatuta dago ilusioa sortzeko arriskua handiagoa dela ustezko kausa eta efektua jarraian gertatzen direnean, baita sarritan gertatzen bada ere.

Hain zuzen, zenbat eta sarriago gertatu itxarondako efektua, orduan eta errazago sortzen da ilusio kausala. Alegia, sarritan sendatzen den gaitzaren kasuan (hotzeria edo tripako mina) errazagoa da ilusioa garatzea, sendatzen ez den gaitz batekin baino (gaixotasun kronikoak).

Horretan laguntzen duen beste faktore bat da ilusio kausalaren eraginez ez jasotzea kalterik. Oro har, terapia sasizientifikoek ez dute albo-ondorio zuzenik. Hartuz gero gaixoak hobera egiten duenez eta ez denez kalterik sortzen, ez da ohartzen tratamenduaren eragina ilusio hutsa dela.

Hori bai: albo-ondorio zuzenik ez izateak ez du esan nahi arriskurik ez dutenik. Hasteko, gaitza larria izanik, tratamendu eraginkor baten ordez hartzen badira. Horregatik, komeni da ohartzea guztiok ditugula errotuak joera horiek, eta jarrera kritikoa izatea ebidentziarik gabeko praktika eta produktuekiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.