Italiako ardoez hitz egitean beti datozkigu burura Toscanako chiantiak, montalcinoak, Montepulcianoko ardo nobleak, supertoscanoak, eta, iparraldera eginez, Piemonteko baroloak...; horien izenak eta izana ezagunak dira honezkero munduan, baina Italian beste eskualde batzuk ere indarra hartzen eta nabarmentzen ari dira gaur egun.
Sangiovese Toscanan eta nebbiolo Piemonten dira, inongo zalantzarik gabe, mahats izarrak Italian. Horiez gain, badira beste zenbait ere, ez baitugu ahaztu behar Italia dela munduan mahats aniztasunik handiena eskaintzen duen herria. Nabarmentzekoak dira, besteak beste: sagrantino, barbera, corvina, teroldego, verdicchio, negroamaro, aglianico, nero d'avola, pinot zuria eta beste asko.
Eta eskualdeei dagokienez, lehen mailako ardoak egiten dira baita ere, Veneto, Friuli, Sicilia, Puglia, Umbria eta beste hainbat tokitan.
Berta-bertako mahats horien berreskuratzea emaitza onak ematen ari da egun, eta etorkizunean ere hala izango dela pentsa daiteke. Horren guztiaren «errua» zenbait ardogile eta mahastizainen ikerketa-lan eta ahaleginetan dago alde batetik, eta, bestetik, zenbait batzorde arau-emailetan, sakon eta ondo lan egin baitute, batez ere lur mota bakoitzari zein «klon» egokitzen zaion hobeto argitu eta adierazteko.
Beste hainbat lekutan gertatu den moduan, mahastian eginiko ahaleginak eta esfortzuak dira toki horietan guztietan ardoen kalitatearen igoera nabarmenaren erantzuleak. Izugarri ederra da Toscana, Veneto eta Piemonteko mahastiak begiratzea... zoragarria!
Aipagarria eta kontuan hartzekoa da Italiako ardoak zertxobait hobeto ezagutu nahi baditugu haien botiletan irakur daitekeen riserva hitzak eta Euskal Herrian zein Espainian agertzen den reserva-k ez dutela zer ikusirik. Italian hitz horren esanahia izan daiteke, adibidez, lursail bateko mahatsik onenak jaso direla nabarmentzea, baina besterik ez. Beraz, italiarrentzat ontze denbora ez da hitz hori botilan agertzeko arrazoi bakarra.
Ez dugu ahaztu behar, bestalde, Italia dela munduan, Frantziarekin batera, eta kopuruei begiratuz, ardogilerik handiena eta baita kontsumitzailerik handiena ere. Eta esportazio mailan ere hura da munduko ardo esportatzailerik handiena.
Egia da sarritan Italiako ardoez hitz egiten denean geure burura azkar asko datozkigula lastoz bildutako botiletan mundu osoko pizzerietan saltzen diren chianti pattalak eta interesgabeak, baina egia da, baita ere, Italian, Toscanan eta Piemonten batik bat, baina baita beste toki askotan ere, munduko ardorik onenetarikoak egiten direla.
Ez ahaztu supertoscanoak eta barolo handiak ospakizun berezietarako utzi, eta, poltsikoari kalte handirik egin gabe, Veneto, Umbria edo Siciliako ardoek altxor dotoreak eskaintzen dizkigutela.
Bilatu, eta aurkituko duzue baten bat, seguru.
Elikadura. Ardoxka
Sangiovese eta Nebbiolo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu