Lohizune Amatria.
BAZEN BEHIN...

Sanfermin gorriak

2017ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
(Benetako gertakarietan oinarritua).

Erasora! Errepublikaren kontra, erregearengatik, tradizioarengatik eta faxismoarengatik! Ez, ez! Eskuina indartu, eta ezkerra oinperatu!». Beorlegi koronelaren hitzak iltzatuta geratu zitzaizkion Pablo Amatria guardiari horiek aditu bezain pronto. 1936ko uztailaren 19a zen. Gehiago entzuteko indarrik gabe ia, azkar batean joan zen etxera. Ez zuen halakorik nahi.

Giltza sarrailan ezin sartu zabaldu zuen atea, ama harritu egin zen. «Zurekin gaude, maitea». Logelara sartu orduko azpiko arropa baino ez zuen soinean, uniformea gelaren txoko batera bota zuen. Hantxe zuen astearte goizaldean kendutako jantzi zuria, oraindik gorde gabe. Zeinek esango zion aste hasieran, sanferminak amaitu, eta erabat irauliko zela haren bizia.

La Veletako bigarren zuzendaria izan zen Pablo, eta hainbatetan batzordekide ere. Azken bileretako batean azaldu zen jantzien gaia. Egun batez, konturatu ziren gehienak zuriz janzten zirela eta ohitura normalizatzea erabaki zuten. Bat-batean sortutako ideia izan zen, gutxika taldeko kideek bereganatu zutena. Asko gustatu zitzaion hasieratik proposamena Pablori, eta urtero janzten zen zuriz. Horregatik agian, elastiko zuri bat jarri zuen soinean.

Karmen kalea utzi, eta udaletxe plazara bidean zen. Ez zuen korrikarik egin nahi, baina nahigabe egiten zuen zenbaitetan, urduritasuna ezin eutsiz. Lurrera begiratu zuen orduan, inguruan zeuden pertsonen begirada saihesteko. Katedraleko kanpaiek hamabiak zirela iragarri zuten. Uztailaren 6an entzun zituen azken aldiz hamabi kanpaikadak. Errepublika garaiko sanferminetan txupinazoak baino ez zuen iragartzen festaren hasiera; urte hartan, ordea, katedraleko kanpaiak ere astindu zituzten, errepublika amaitzear zegoela igarriz edo.

Bat-batean txupete bat ikusi zuen zoruko harrien artean. Erraldoien bati eroriko zitzaiola pentsatu zuen, eta anaia txikiarekin gogoratu zen orduan. Beldurtu egiten zen urtero kiliki eta buruhandiak ikusten zituenean, baina buelta ematen zuten orduko ozen zirikatzen zituen. Hala ere, erraldoiak zituen konpartsako kide kuttunenak; eta, urte hartan, oso triste jarri zen greba egingo zutela jakin zuenean. Eraikuntzaren sektorean piztutako gatazkak eremu denak ukitu zituen, eta konpartsak mehatxu egin zuen soldata igoera eskatzeko. Azken momentuan, dena den, erraldoiak ikustera irteteko aukera izan zuen Pablok. Tentsioa alboratu gabe, irribarre batek ihes egin zion anaiaren poztasuna gogoan zuela.

Korrika ari zela konturatu zen orduan, eta disimuluz erritmoa mantsotu zuen. La Veleta peñako egoitza aurrean zegoen, eta nahigabe Jesus Azkarate etorri zitzaion gogora. Peñak kontratatutako txarangaren atzean ikusi zuen azken aldiz, uztailaren 12 edo 13an. Oso alai bizi zituen Jesusek sanferminak, baina urte hartan bereziki pozik zegoen. Eraikuntzaren sektoreak deituriko grebak kezkaturik zuen azken hilabeteetan, ez zen kezkatutako bakarra; baina haren hurbilekoak ukitzen zituen aferak, eta gaia burutik ezin kendu zebilen. Luze eta gogorra ematen zuen prozesua, zorionez, era onean amaitu zen. Bazuen zer ospatua.

Jesusen bila joatea erabaki zuen, elkarrekin egingo zuten ihes. Iruñea atzean utzi zutela, Ortiz inguruan, azkeneko talde bazkaria, parranda eta goizeko gosariaz aritu ziren. Lankide ziren, baina lagun ere bai. Ez batak, ez besteak, ordura arte inoiz ez zuten pentsatu horiek izanen zirela bizitako azkeneko sanferminak. «Azken sanfermin errepublikanoak izanen dira. Azkenak». Nostalgiak hartu zituen, beldurrak. Belaterako bidea hartu zuten, gertatu litekeenaz gehiegi pentsatu gabe.

La Veleta peñako beste hainbatek bezala, erregimen frankistaren errepresioa jasan izan zuten biek. Hiru aldiz zauritu zuten Pablo: obus batek lurperatu egin zuen lehenengoan, hegazkin baten metrailak harrapatu zuen ondoren; hirugarrenean, berriz, bala batek besoa zeharkatu zion. Gaviota lurrunontzian hartu zuen Cervera ontzi nazionalak. 1937ko urriaren 21a zen. Urte horretan ez zen sanferminik izan, ezta hurrengoan ere. Azken horri buruz ez zuen jakiterik izan, ordea. Diotenez, 1938ko uztailaren 2an hil zen, sei balek egindako zauriek «bihotz sinkopea» eraginda. Galiziako Camposancos izan zuen azken bizitokia.

1938ko ekainaren 30ean honako hau idatzi zion sendiari: «Igaro behar duzuen guztia ikusita, frontean hil izana nahiagoko nuke. Bihotzez esaten dizuet geratzen ari zaidana zuengatik sentitzen dudala, niregatik baino gehiago; ez naiz heriotzaren beldur, beti sentitu izan dudalako heriotzaren laztana. Mingarria da honaino iristea, baina nire patua hori bada, pazientzia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.