Teknologiaren berrikuntzek sortzen duten etengabeko lilurak harrapatu gabe idazten saiatzen naiz. Batzuetan lortzen dut; beste batzuetan, ez hainbeste.Hala ere, aspaldian hainbat gadget-ren iruzkinak alde batera utzi izan ditut nahita.
Alde batetik, Microsoft eta Nokiaren arteko aliantzaren lehen fruituak ikusten ari gara. Windows Phone 8 sistema eragile berriak konplexutasun handiagoa gehituko dio sakelakoen garapen munduari. Proposamena aurrera badoa, behintzat. Horren erakusgarri nagusia Nokia Lumia 920 dugu.
Beste alde batetik, Apple etxeak bere iPhone 5 aurkeztu zuen. Aurrekoaren antzekoa bada ere, finagoa eta, espero zen bezala, handiagoa. Hala ere, hobekuntza handirik ez du, haren ezaugarri diren pantailaren kalitatea eta aplikazio sorta handia kenduta.
Lehian, Samsung etxeak azkenaldian izandako arrakastaren parte den Samsumg Galaxy S3 telefonoa. Quad-core prozesadore indartsuarekin —beste batzuek ere badute—, baina batez ere, 4,8 hazbeteko pantaila izugarriarekin. Haren prezioa antzekoak diren beste batzuekin konparatuz txikiagoa izanik ere, askoz ere tresna indartsuagoa da dudarik gabe.
Azkenik, Googlek ere, sakelako saltzaile lanetan, bere Nexus 4 aurkeztu du. Android sistema eragilearekin integratua erabat —aurrekoak ere hori du sistema eragile—. Prezio eta kalitate aldetik, apustu interesgarria egin du Googlek horrekin. Potentzia, konektibitate aukerak eta 2 Gbeko RAM memoriak aldea ateratzeko modukoak dira.
Aipatutako lau sakelako telefono horien artean, antzekotsunak asko dira. Denek dute 4 hazbete baino handiagoko kalitatezko pantailak, n-core prozesadoreak dituzte, konektibitatea ere izugarria da.... Nolabait, hurrengo telefono adimendun estandarra definitzen ari dira. Hala ere, ezberdintasunek antzekotasunek baino gehiago esaten digute. Sistema eragile mugikorren gudan, lehiakide berriak bere lehen pausoak ematen ditu, eta horrek konplexutasun handiagoa gehitzen dio mugikorrentzako garapen ekosistemari.
Baina, dudarik gabe, hurrengo sakelako telefono estandarra definitzen ari den adierazlea NFC teknologiaren ezartzea da. Lehen aldiz, gehienek NFC teknologia ezartzea erabaki dute, Applek izan ezik. Norberak atera ditzala kontuak.
Komunikazioa. Irlen sarea
Sakelako telefono estandarra definitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu