Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

RNA txertoak: hurrengo geltokia, minbizia

2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
COVID-19aren kontrako RNA mezularian (mRNA) oinarritutako txertoak medikuntza modernoaren mugarri zientifiko bat izan direla ez du inork zalantzan jartzen. Munduan milaka bizitza salbatu dituztela agerian uzten duten ebidentziak gero eta ugariagoak dira, eta ukaezina da COVID-19 larria ekiditeko duten gaitasuna.

Urteetan ikertzaile askok, Katalin Kariko biokimikariak kasurako, garatutako ideiaren inplementazio praktikoa posible izan da, eta teknologia honek ireki dituen aukera terapeutikoak izugarriak dira. Izan ere, mRNA-n oinarritutako txertoak beste gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan lagungarriak izan daitezkeela dirudi.

Azken urteetan minbizi mota ezberdinak tratatzeko mRNA txerto ugari garatu dira. Entsegu aurreklinikoen eta klinikoen bitartez, frogatu da txerto hauek immunitate-sistemako zelulak minbiziaren kontra bideratzeko duten eraginkortasuna. Kasu hauetan, mRNA txertoek minbizi-zeluletan adierazten diren zenbait proteina ekoizteko informazio genetikoa dute, horrela immunitate-sistema minbiziari eraso egiteko trebatzen delarik.

Berriki, AEBetako Minbizia Ikertzeko Elkartearen bileran aurkeztutako emaitza batzuen arabera, RNAn oinarritutako txerto pertsonalizatu baten bitartez, azaleko minbiziaren (melanoma) agerpena ekiditea lortu da. Entsegu klinikoan parte hartu zuten kirurgia bidez melanoma bat kendu zieten 150 pertsonak. Ebakuntza egin eta gero, hauetako batzuei mRNAn oinarritutako txerto pertsonalizatua eman zieten, ohiko immunoterapiaz gain.Emaitzen arabera, txertoa immunoterapiarekin konbinatzeak %44 murriztuko luke melanoma berragertzeko edo hiltzeko probabilitatea, immunoterapia soilik jasotako pazienteekin alderatuta.

Entsegu kliniko honen berezitasuna paziente bakoitzarentzat mRNA txerto pertsonalizatua garatzean datza. Kirurgian kendutako melanomaren azterketa eginez, minbizian bertan adierazitako proteina mutanteak (antigeno) identifikatu, eta mRNA txertoetan proteina mutatu horiek ekoizteko informazio genetikoa txertatuko litzateke. Zenbait kasutan, txertoek 34 minbizi-antigeno ekoizteko informazioa edukiko lukete, minbiziaren aurkako T linfozitoen garapena bideratuko luketenak.

Urteetan, oinarrizko ikerketaren bidez, mRNA txertoen garapenerako oinarriak ezarri dira, eta COVID19-aren pandemiak hauen erabilera masiboa eragin du, haien eraginkortasuna eta segurtasuna agerian utziz. Teknologia honek eskaintzen dituen aukerak kontaezinak dira, eta hauen ikerketan aurrera joan ahala, ez dago zalantzarik aplikazio berriak izango dituztela. Egun batetik bestera ezagunak egin ziren arren, RNA txertoak geratzeko asmoz iritsi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.