1986. urtean, Nature aldizkarian idatzitako zutabe batean, Walter Gilbert Kimikako Nobel saridunak RNA mundua kontzeptua erabili zuen lehenengo aldiz. Walterrek biziaren sorrera jarduera katalitikoa zuten RNA molekuletan egon zitekeela adierazten zuen zutabe horretan, bere aurretik beste ikertzaile batzuek plazaratutako hipotesia bere eginez. Walterrek ez zuen orduan imajinatzen, 34 urte geroago, munduko komunikabide guztiak RNA molekulei buruz hitz egiten arituko zirela, mundua astintzen ari den COVID-19aren pandemiari aurre egingo dion balizko txertoa, makromolekula horretan oinarrituta dagoelako. Munduan bizia sortzetik munduko bizitzak salbatzera pasa daiteke RNA molekula. Ez da erraza aurrean duen erronka.
Ikertzaileek urteak daramatzate RNA molekuletan oinarritutako txertoak garatzen. Izan ere, COVID-19aren aurkako txertoa ez da gizakietan probatzen den lehenengoa, asko dira RNA txertoekin martxan diren entsegu klinikoak. Zika, errabia, zitomegalobirusa ala gripearen kontrako zenbait txerto, adibidez, teknologia honetan oinarritzen dira, eta, entsegu klinikoen baitan, gizakiei jartzen ari zaizkie. Haatik, agentzia erregulatzaileek COVID-19aren txertoa onartuko balute, merkaturatutako eta populazio orokorrari jarritako lehenengo RNA txertoa izango litzateke. Baina, zein da txerto horren oinarria? Nola lortzen du RNA molekula batek immunitate-sistema kitzikatzea, SARS-CoV-2aren kontrako immunitatea eragiteko? Galdera horiei erantzuteko, RNA molekula zer den eta zer funtzio duen ulertzea ezinbestekoa da.
RNA mota ezberdinak existitzen diren arren, RNA mezularia izan da azken ospetsua bihurtu dena, COVID-19a dela eta. RNA mezularia molekula bitartekari bat da, zeinak DNAn kodetuta dagoen informazio genetikoa proteina bilakatzea baimentzen duen. Horrela, RNA mezulariak ezinbestekoak dira izaki bizidunen zeluletan funtzio ezberdinak betetzen dituzten proteinen ekoizpenerako. SARS-CoV-2aren kontrako txertoaren kasuan, lipidoz osatutako nanopartikula baten baitan birusaren S proteina kodetzeko beharrezkoa den RNA mezularia sartu dute. Lipidoz osatutako nanopartikulei esker, S proteinaren RNA mezularia zeluletan sartzen da, eta zelula beraren makineriaz baliatuz, birusaren S proteina ekoizten du. Behin S proteina ekoiztuta, gure immunitate-sistemak elementu arrotz gisa hartzen du, eta haren kontrako antigorputzak eta bestelako defentsak garatuko ditu. Txertoa garatu duten enpresen hitzetan, defentsa horiek balizko SARS-CoV-2aren infekzio bati aurre egiteko eta gaixotasunaren agerpena ekiditeko gai izango lirateke.
Laborategian RNA molekulekin lan egiten dugunok badakigu molekula hauskor hauen potentzialtasuna ikaragarria dela. Munduan bizitza RNA molekulekin hasi ote zen argitzeke dago, baina badakigu RNA molekuletan oinarritutako teknologia berriek gure mendeko osasun arazo askori aurre egiteko balioko dutela. Espero dezagun COVID-19aren kontrako txertoa horren adibide izatea.
Zientzia. ARGI ALDIAN
RNA mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu