Irakurketa ereduak. Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizaziorako tresna izateko xedez sortu zuen EITB. Ia 40 urte igarota, iritsiko al zen, bada, unea baloratzeko EITBren kumeetako bat den Radio Euskadi zenbateraino den tresna? Luze joko luke azterketak (ezkorra), baina grafikoki bada ere, baliagarri zaigu aztertzea hiru prentsa irakurketa; hiru estilo eredu eskaini zaizkigunak azken urteetan. Lehena, Pedro Fernandez de Retanaren eskutik datorkigu (Prime Time, 06:05-07:00); gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez datozen egunkariak hartzen dira aintzat, ez da existitzen ez euskarazko egunkaririk ezta euskarazko titularrik ere; antagonikoak dira modernitatea eta euskara. Bigarrena, joan den astera arte Dani Alvarezek 07:35ean egin duen iritzi artikuluen laburpena; gaztelaniazkoak izan dira erreferente intelektualak nagusiki, oso-oso tarteka baizik ez euskarazkoren bat. Hirugarrena, Goizalde Landabasorena (asteburuetan, Hágase la luz, 06:05-07:00); euskaraz datozen titular, iritzi eta elkarrizketek lehentasuna dute, gaztelaniazkoen gainetik jartzen dira baloreen merkatuan.
Printzipioak. Euskararen prismatik, azken hamar urteetan definitu den legatu bat jasoko du Ander Arzakek, Boulevard-eko zuzendari berri gisa. Pare bat printzipiotan laburbil litekeena. Bat: tertulia edo elkarrizketen gai zerrendan euskararen inguruko kontuak azken muturrean geratzen dira kontrastean, ez dago ordu mugarik Espainiako debate politikoarentzat, maiz errepikakorra izan arren. Bi: euskararen aldeko espedientea betetzeko, aski da abenduaren 3an keinutxoren bat egitea (albistegiaren sarreran bizpahiru esaldi, gonbidatu batekin hitzartutako elkarrizketa bat...). Itxurakeria horren azken lagin ilustragarria joan den asteko despedida ekitaldiak dakargu: BERRIAren ale bat bistan jartzen da egunkari mordo baten gainean —web orrian, ikusgai—, eta Jon Maiaren bertso bat aireratzen da. Bi printzipio horiei, euskararekin ez ezik gainerako gaiekin ere transbertsala den beste bat erantsi beharko genieke: Ajuriaenearekin hobe harmonia onean bizi (Lopezen zein Urkulluren legealdiak horren lekuko). Hots, ez eduki erreparorik prime-timeko albistegi oso bat kontsumitzeko gobernuko bozemailearekin solasaldi konplizean, edo tertulietan beti gobernuaren orbitako iritzi emaileren bat edo bi kolokatzeko.
UHINETATIK TIRAKA
Radio Euskadi, zertarako tresna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu