Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Polemika ez hain txoroa

2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gertatzen da batzuetan erabili egiten dela dirua aitzakia gisa. Komodina da, denetarako balio du, inork ez dizu zalantzan jarriko ezer, mundu guztiak badu orain arazoren bat sosarekin. Baina aitzakiak hori du: tarteka ikusten dela aitzakia dela, usain hartzen zaiola arrain ustelari. Azken egunetan nabarmen agertu da, Nafarroan ETB ikusi ahal izateko polemikaren harira. Efektu kolpea eman diote bi urte eta erdi ez atzera ez aurrera ari den afera itxuraz txoroari. Txoroa diot, berez konponbide oso errazekoa baitirudi. Teknikoki, nahikoa da ingeniari talde bati eskatzea hedagailu batzuk jartzea. Ekonomikoki ere erakutsi da esan izan den baino dezente merkeagoa litzatekeela: 40.000 euro inguru. Errealitatea beste bat da: seinale analogikoa ekainaren 30ean itzaliko da inork ez badu ezer egiten.

Ez dut ulertzen, zinez, zer beldur dion Nafarroako gobernuak ETB Nafarroan ikusteari. Pentsatzen dut pentsatzen dutela beren interes politikoen aurkakoa litzatekeela, kalkuluren bat egina dutela. Auskalo: euskal izenlaguna duen edozerk alergia moduko bat sortzen dielako azalean; euskara bera entzuteak, zapping egin bitartean bada ere, goitikakoa eragiten dielako. Baina ez derrigor; pentsatzen dut UPN, PSN, PPNko boz-emaile askok eta askok nahiago duela ostiral gaueko eta igande arratsaldeko pilota partida euskaraz ikusi —horietako askok eta askok euskaraz jakinik gainera; gogoratu Baztan— ostiral gaueko eta igande arratsaldeko pilota partida ez ikustea baino. Eta seguru bat baino gehiago apuntatuko litzatekeela igandeko meza ikustera, saioaren audientzia apur bat aupatuz.

Eta beldurra bada euskal adjektibodun telebista batek nafarren ideologia ez bakarrik kontserbadore, kristaua, baizik espainiazalea ere karraskatuko duela, mesedez, barrea ateratzen zait. Inork uste du zintzoki gaur hemen ETBk espainiarra ez den abertzaletasunen batez kutsa dezakeela inor? Kontrara, adeptuak lortzeko bidea litzateke ETB ikusten duten euskal abertzaleen artean ere, tresna politiko ezinhobea.

Baina, noski, agian dute buruan EAEko errealitate soziopolitikoa, eta jakin badakite datorren urtean egingo direla hauteskunde autonomikoak. Eta, akaso, kasu horretan ez da hain inozoa polemika txoro honekin mendeetan eta mendeetan segitzea. Nafarroako ETBren balizko teleikusleen kalterako, bistan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.