Gutako askok gogoratzen dugu iragarki baten melodia edo jingle-a, eta segur aski soinu zehatz bat lotzen dugu marka edo produktu batekin, eta askotan behin eta berriz mailukatzen gaitu, buruan itsatsita, uxatu ezinik. Izan ere, musikak rol garrantzitsua jokatzen du publizitatean, emozioak sortzeaz gainera oroimena ere indartzen baitu. Soinuaren adierazpen balio hori ez ezik, enpresek, markek eta erakundeek soinu komunikabide nagusia den irratia bera ere erabili ohi dute beren produktuak ezagutzera emateko, besteak beste irratsaioen babesletzaren bidez edota irrati korporatiboak sortuz.
Eta podcastak modan dauden honetan, urrats logiko moduan, podcast korporatiboak edo branded podcast direlakoak sortu dira, eta ez dira falta kanpaina bat diseinatzeko orduan agentziek eskaintzen dituzten produktuen artean. Ikus-entzunezko iragarkia baino merkeagoa eta ekoizteko errazagoa, entzuleria zehatzari zuzendua eta edozein toki eta garaitan entzun daitekeena, esan genezake balio erantsia eskaintzen diola iragartzen denari, arrakasta frogatua duen euskarria baita, edo hori da, behintzat, audientzia ikerketek diotena.
Hego Euskal Herrian horren adibidea dugu, adibidez, Laboral Kutxak eskaintzen duen saioa, 2021etik euskal kultura eta komunikazioko erreferenteak diren hemeretzi gizon eta bederatzi emakume elkarrizketatu dituzte, eta aipatzekoa da solasaldi horietako hamabost gaztelaniaz egin direla eta gainerakoak, berriz, euskaraz. Eroskik ez du gure hizkuntza erabili, ordea, La vida más fácil izenekoan, non ondo bizitzeko gakoak eskaintzen dituzten pertsonak (ia denak emakumeak) elkarrizketatu dituzten. Euskara ere ez dago presente Ihobek bultzatzen duen En Verde/Berdean saioan, ezta Innobasquerenean ere. Bi hizkuntzetan eskaintzen du URA agentziak Ur Tantak saioa; hor uraren inguruko erreportaje ezberdinak jasotzen dituzte atalez atal.
Lagun batek aspaldian esan zidan euskaldunok euskaraz iragartzen ez diren edo artatzen ez gaituzten produktuak kontsumituko ez bagenitu beharbada hizkuntza kontuan hartuko luketela atxikimendu faktore garrantzitsu moduan. Dena den, irudipena dut, egon badauden arren, branded podcast anglizismoaz izendatzen diren saio horiek ez dutela harrera berezirik entzuleen artean, eta azken horien gustuak lotuago daudela istorioak kontatzen dituzten podcastekin. Hala ere, ezin ukatu lerro berriak sortzen ari direla irrati edo soinu publizitatean, betiko taketetik harago.