Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Platerik borobilena

2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Argi eta garbi: ez nintzateke harrituko inork sukaldaritza programez enpo dagoela ozen esango balu—ez naiz ni izango, ordea, oporretara bake santuan nahi baitut joan—. Ez dakit, lehen aldiz telebistaratu zirenean pentsatzen dut erakargarri izango zirela: kontxo, neronek egunero sukalde zokoan izerdi patsetan egiten dudana egiten du beste batek telebistan; ea, ea nola egiten duen, ea zer egiten duen, ea zerbait ikas dezakedan.

Baina gaur egunean, hainbat urte eta hainbat kopia pasa direnean, sukaldaritza programa klasikoak, hots, sukaldari bat suaren bueltan janari prestatzen eta monologo aspertuan, bada, zentzua galdu duela iruditzen zait erabat. Aspertu ere egiten dute, nahiz Argiñanoren antzeko diskurtso sasi iraultzaileak jaulki tipula zuritu bitartean.

Horrexegatik ez dut ulertzen zer ekarpen berri egin diezaiokeen teleikusleari Oihaneder bere saltsan gisako saio batek. Ados, nobedade gisa emakumea dakar sukaldari-aurkezle, lehen aldiz ETB1era —nahiz nobedade hutsalak asmatzen hasita, beti esan dezakegun lehen sukaldari-aurkezlea dela bere herriko padel txapelketa irabazten, edo Vargas Llosaren obra konpletoak irakurtzen—.

Alde horretatik, buelta erdi behintzat eman diote Tu plato favorito saioari. Buelta erdi soilik, ez pentsa burua asko apurtu dutenik: Tu vista favorita haren kopia da hau ere, soilik bistaren partez euskal sukaldaritzako platerik borobilena bilatzen dutela. Tira, platerak nola prestatzen diren erakusten digute hemen ere, baina gutxienez bitartean irudi dinamikoak ematen dituzte, tarteka ikusgarriak. Formula baliagarria da etorkizunerako: Tu bertsolari favorito, Tu canción favorita de Ken7 eta abar.

Gainera dibertigarri hasi zen. Iñaki Perurena lehen gonbidatu, haren gaineko aurkezpen-komentarioek ez zuten galerarik: forzudo universal, Sansón vasco, de donde proviene su fuerza colosal, bajo sus músculos tiene alma de creador. A, eta aukeratutako platera, txuleta plantxan. Edozein begetarianok amestuko lukeen estreinaldia. Lastima da handik aurrera off-eko ahotsa—Africa Baetarena— apaldu egin zela, edo hori iruditu zitzaidala niri. Saioa bera parametro zozo-estandarragoetara bildu zela, alegia. Hori bai, ez du aurrekariaren izpiritu demokratiko, interaktibo, parte-hartzailea galdu. SMSa 1,42 eurotan betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.