Irati Diez
Biologoa

Plastikoa: habien adinaren adierazle

2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egungo plastikoaren ekoizpenean nagusi dira erabilera bakarreko elikagaien ontziak eta plastikozko botilak. Behin gizakion eskuetatik alde egitean, beste bizidun batzuek erabil ditzakete; adibidez, hegaztiek. Hainbat espeziek habiak eraikitzeko erabili dituzte halako hondakinak, eta orain habietako plastikoa erabiltzen hasi dira habien adina kalkulatzeko.

Plastikoa: zorioneko eta zorigaiztoko material hori. Zenbat erraztu duen gizakion bizitza, eta, era berean, zenbat korapilatu. Urtero plastiko gehiago ekoizten da aurreko urtean baino, eta kalkulatzen da historian sortutako plastiko guztiaren %79 gure artean dagoela oraindik. Plastiko hori beste bizidun batzuen bizitzetan integratu daiteke, «elikagai» modura edo beste funtzio batzuekin. Hegaztien artean oso zabalduta dago material artifizialekin habiak eraikitzea; hori da kopetazuriaren kasua.

Kopetazuri arrunta (Fulica atra) Euskal Herriko hainbat hezegunetan ikus daitekeen hegaztia da. Beltza da ia osotasunean eta mokotik gorantz kopetara igotzen zaion ezkutu zuri moduko bat du. Herbehereetako Leiden hirian bada kopetazuri populazio hiritar bat, eta ohartu ziren bertako habia guztiek plastikoa zutela, eta material horietako batzuek iraungitze-data zutela. Ikertzaile talde bati hondakin horiek datazio-tresna gisa erabiltzea otu zaio.

Kopetazuriaren habiak aztertu zituzten kumatze garaiaren ostean, hutsik geratu zirenean. Habia gehienak ez ziren oso zaharrak; plastikoetan estanpatutako iraungitze-datek hiru urte egiten zuten atzera, gehienez. Baina habia berezi bat topatu zuten: «Rokin habia». Hark 635 plastiko zati zituen, eta zaharrenak duela 30 urtekoak ziren. Rokin habiak hainbat material geruza zituen. Kanpoko egiturak hamabost bat musuko zituen korapilatuak, COVID-19 pandemiaren lekuko. Oinarrian, 1994ko Munduko Futbol Txapelketa promozionatzen zuten txokolatinen bildukiak zeuden.

Ikertzaileen ustetan, gutxienez hiru kopetazuri belaunaldik erabili dute Rokin habia. Eta hori arraroa da, normalean habia berria eraikitzen baitute urtero. Azkar deskonposatzen diren landare jatorriko materialak erabiltzen dituzte berez, eta ez dute asko irauten. Alabaina, plastikoa eta beste material batzuk erabilita, habiek gehiago irauten dute, berrerabili egiten dituztelako.

Agian positiboa eman dezake ondorio horrek. Leideneko kopetazuriek lan gutxiago hartzen dute habiak urtero berreraikitzen. Baina hegaztiak habietako plastikoan trabatu daitezke, eta parasito arriskutsuak pilatu daitezke materialen artean. Oraindik zaila da esatea onura edo kalte gehiago eragiten dien ohitura berriak. Gauzak horrela, hondakin horiek giza aztarnen etorkizuneko fosilak bihurtuko dira. Eta oso zehatzak, gainera, gomendatutako kontsumo urtea eta data adieraziko dute eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.