Valentziako hondamendiak modurik latzenean gogorarazi digu larrialdi klimatikoa ez dela kontzeptu teoriko bat, baizik eta errealitate gordina. Oraindik goiz da jakiteko zenbateraino izan den goi geruzetako depresio isolatu hori hain indartsua klima aldaketarengatik, baina, World Weather Atribution (WWA) erakundeak baieztatu duenez, azken hogei urteotako fenomeno meteorologiko hilgarrienak klima aldaketarekin erlazionatuta daude.
Ondorio horretara iristeko, hamar gertaera hilgarrienak aztertu ditu WWAk: bi zikloi, tifoi bat, lehorte bat, ekaitz bat, uholdeak eta bero boladak. Denak izan dira gogorragoak giza jarduerak kliman eragindako aldaketarengatik, eta, guztira, 567.042 heriotza eragin dituzte, gutxienez. WWAren arabera, heriotza horietako asko ekidin zitezkeen.
WWAk kaleratutako txostenean gomendio hauek egin zituen, besteak beste: alerta azkarreko sistema eraginkorrak ezartzea, eta hiriak egokitzea halako gertakariei aurre egiteko.
Neurri horiek, ordea, ez dira nahikoak izango gizateriak planeta osasuntsu bat izan dezan. Zientzialariek bederatzi muga planetario definitu zituzten 2009an; alegia, zein sistema edo ingurumen kondizio bete behar dituen Lurrak gure espeziearentzat segurua izateko; klima haietako bat baino ez da. Besteak hauek dira: biosferaren osotasuna, lurraren erabilerak, ur geza, fosforoaren eta nitrogenoaren zikloak, ingurumen kutsatzaileak, ozeanoen azidifikazioa, atmosferako aerosolak eta ozono estratosferikoa.
Muga horiek definitu zituztenerako, lau gaindituta zeuden: klima aldaketarena, biosferaren osotasunarena, lurzoruen erabilerarena, eta fosforoaren eta nitrogenoaren zikloena. Gaur egun, ingurumen kutsatzaileena eta ur gezarena ere gainditutzat ematen dira, eta ozeanoen azidifikazioarena gainditzeko zorian dago. Gainera, atmosferako aerosolen pilaketa leku askotan mugaren oso gainetik dago.
Horrenbestez, nahiz eta orain klima aldaketan jarri den fokua, komeni da ikuspegia zabaltzea eta beste mugak ere aintzat hartzea. Eta ez da ahaztu behar alderdi soziala. Izan ere, mugak planetarioak badira ere, haiek gainditzeak ez ditu ondorio berdinak sortzen planetako leku guztietan, ezta talde sozial denetan ere. Era berean, denek ez dute ardura bera, ezta erantzun ahalmen bera ere.
Bederatzi mugetatik hiruk zerikusia dute planetatik erauzten dugunarekin, eta beste seiak zuzenean lotuta daude uzten dugunarekin. Noelia Zafra Calvo BC3 klima aldaketa ikergai duen zentroko ikertzailearen ustez, hor dago gakoa: sistema guztiz estraktibista eta produktibista batean bizi gara, eta hori biziaren aurka doa.
Zientzialariek argi hitz egin dute; erabaki politikoak hartzeko garaia da orain, betiere justizia soziala kontuan hartuta, planeta denentzat izan dadin bizigarri, eta ez batzuentzat bakarrik.