gorka julio
Komunikazioa. Irlen sarea

Pentsaraztearen artea

2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Dead Drops: ekimen artistiko hau «espazio publikoan hedatutako gizabanakoen arteko eta anonimoa den offline fitxategi trukerako sare» gisa aurkezten dute. USB gailu bat hartu, http://deaddrops.com/ webgunean topatuko duzun manifestua bertan sartzearekin zurea jartzeko lehen pausoa eina duzu. Ondoren, toki egokia topatu, paretan ondo txertatu eta horren berri eman, kokapena eta argazki batzuk atera ondoren.

USB gailu horien bidez, jendeak edozein fitxategi trukatu ahal izango du Internet bera erabili gabe. Ekimen artistiko honek fitxategien trukea beti posible izango dela erakusten digu; baina horrez gain, errealitatean ez du gauza askorako balio. Arazo asko izan ditzake: norbaitek apur dezake, fitxategiak ezabatuak izateko edota bertan software maltzurra instalatzeko arriskua ere badu, beste arazo batzuen artean.

Ez dut uste erabilpen masibo eta praktikorako helburua duenik; ez obra artistiko bat izatetik haratago, behintzat. Baina, nire ustez, arteak zerbaiterako balio badu, gauzak pentsarazteko duen gaitasunagatik da. Zergatik ez, orduan, posible diren erabilpen batzuetan pentsatu?

Horrelako gailuak interesgarriak lirateke, jendeak normalean Internetetik zabaldu nahi ez dituen informazioak jasotzeko. Hedabide, talde edo erakunde batek, bakoitzak berea izan lezake informazio horiek jaso ahal izateko. Ondoren, beren tresnen bidez eta bakoitzak erabakitako moduan informazio horrekin zer egin erabakitzeko.

Hobetzeko aukera dago, oraindik. Demagun USB gailu horretako informazioa, automatikoki Internetera, zerbitzari batera edo p2p sareetara hedatzen dela. Anonimoki bertan utzitako fitxategiak, automatikoki sarean argitaratzen direla.

Oraindik gehiago hobetu dezakegu: Interneterako transmisio horiek benetan anonimoak izan daitezen ziurta daiteke. Horretarako, esaterako, TOR sarea erabili beharko luke gailu horrek.

Azken hobekuntza: lege segurtasun bat ere izan beharko genuke. Leku horretan hori egiteko eskubidea izatea edo legediak hori ahalbidetzen duelako. Hori gertatzen ez den kasuetan, Interneterako publikazioa beste herrialde batetik egin beharko litzateke. Hori lortzeko, publikatu aurretik Internet bidez eta modu seguruan (VPNak erabiliz adibidez) bidali beharko lirateke fitxategiak beste herrialde horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.