gaizka izagirre
Ekografiak

Paradisua

2025eko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Disney plataformaren Paradise telesailaren harira hainbat iruzkin agertu dira azken asteotan sareetan: bertan gertatzen diren zenbait gidoi biraketa edota plot twist harrigarrik eragindako aipamenak dira. Plot twist bat istorio edo narrazio batean gertatzen den ustekabeko biraketa bat da, argumentuaren norabidean eraldaketa erradikal, harrigarri edo ustekabekoa sortzen duena. Batzuetan amaierako zatian pilatzen dira, baina narrazioan zehar ere tartekatzen dira. Modu askotara erabili izan ohi dira, beste teknika narratibo batzuekin nahasian sarri.

Protagonistak sekretu handi bat ezkutatzen duenean, lagun min edo konfiantzazko pertsona batek alde iluna erakustean, hil dela uste genuen norbait bizirik azaltzen denean, guztia protagonistaren buruan gertatzen dela jakitean, guztia amets bat izan dela ohartzen garenean… adibideak ugariak eta askotarikoak izan daitezke. Telesailen historian honelako adibide ugari topatu daitezke. Baliabide hau egokien zukutu dituztenen artean ezagunenak Lost, Dark, Sugar, Black Mirror, Twin Peaks, The OA, Severance edota Years and Years izan litezke, adibidez. Narrazioan espero ez dugun zerbaitek eraginda, zeharo katigatu eta harritu gaituzten telesailak, normalean, oso arrakastatsuak izaten dira.

Baliabide hau narrazioaren barruan sartzea, neurri batean behintzat, erraza izan liteke, baina ona eta zentzuduna izateko aurreko gertakariekin koherentea izan behar du, eta aldi berean, ikuslea harritu eta istorioaren esanahia aldatu beharko luke. Trikimailu narratibo honen erabilera txarrak ikuslearen esperientzia hondatu eta tramari balioa ken diezaioke.

Paradise telesailera itzuliz, suspensea eta misterioa uztartzen dituen serie hau This Is Us telesail arrakastatsuaren sortzailearen ekoizpen berria da. Munduko pertsona adimentsu eta ospetsuenetako batzuk bizi diren komunitate utopiko batean murgiltzen du ikuslea. Inguru idiliko horren lasaitasuna eten egingo da, sakonki lurperatutako sekretuak argitara aterako dituen hilketa bat gertatu ostean. Hori da hasierako premisak saltzen duen ideia nagusia, baina lehen atalaren amaieran deskubrituko dugun —eta argituko ez dudan— zerbaitek guztia aldatuko du; bai istorioan, baita ikusle gisa dugun pertzepzioan ere. Oso gomendagarria. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.