Benat Egidazu de la Parte
BC3ko Doktoretza ikaslea

Padurak: erronkak eta aukerak

2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Espainiako egungo lursail publikoek ezin izango diote aurre egin klima-aldaketak eragindako itsas mailaren igoeraren ondoriozko paduren galerari, Science of the Total Environment aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Gaur egungo lursail publikoekin, uste da Bizkaiko Oka ibaiaren estuarioko paduren galera %7 eta %30 bitartekoa izango dela 2120 ingururako. 

Padurak energia baxu eta latitude altuko kostalde epel askotako ekosistemak dira. Garrantzi handiko ekosistemak dira gizartearentzat, gaitasun handia baitute karbonoa finkatzeko, kostaldea babesteko eta birziklatzeko. Zoritxarrez, mehatxu ugariri egin behar diete aurre, itsas mailaren igoerari eta ekarpen sedimentarioen murrizketari, batik bat. 

Klima-aldaketaren ondorioz padurek izango duten bilakaeraren arabera, paisaia estatikotzat hartzen da, edo padurek duten sedimentazioa, konstantetzat. Horren ondorioz, klima-aldaketako agertokietan simulatutako padura-galeren kalkuluei gehiegizko garrantzia eman ohi diote. Metodologia horiek hobetzeko, BC3ko ikerketa talde batek prozesuetan oinarritutako algoritmoak integratzea proposatu du. Habitat aldaketek duten elkarreragin ez-linealak ere hartzen ditu kontuan integrazio horrek. Hala, prozesuetan oinarritutako algoritmoak estuarioko urteko sedimentazioaren simulazioa egiten du; ikasketa automatikoko algoritmoak, berriz, habitaten banaketa aurreikusten du, sistemaren ingurumen-baldintzak aldatu ahala.

BC3ko estimazioen arabera, Okako paduren galera %7 eta %30 artekoa izango dela kalkulatzen da, baina Espainiako Santanderreko badiako eta Cadizeko badiako padurek askoz galera handiagoak izan ditzakete. Beraz, itsas mailaren igoerak eragindako paduren galera testuinguru bakoitzaren araberakoa da. Horrela, Okako padura galerak barruko paduretan emango direla estimatzen da, esekita dauden solido gutxiago iristen direlako. 

Horregatik, paduren migrazio-ahalmena bermatuko duten lur publikoen hedadura bermatzea ezinbestekoa da. Horrek erresilientzia areagotu eta paduren galera minimizatu lezake, edota paduren hedapena sustatu.

Metodologia malgua

Aurkeztutako integrazio-metodologiak aukera ematen du kostaldeko beste ekosistema batzuetan aplikatzeko. Malgutasun horrek garrantzia du, zientzian integratzea premiazkoa baita klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko. 

BC3ko Integrated Modelling taldeak zientzia esparruen arteko integrazioa ahalbidetzen duen softwarea garatu du. ARIES (Artificial Intelligence for Environment and Sustainability) EAEko baliabide semantiko bat da, NBEk babestua, eta zientziaren integrazioa bermatzeko biki digitalak —entitate fisikoen erreplika birtualak—  erabiltzea proposatzen du, sistema naturalak eta giza sistemak denbora errealean simulatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.