Otsoa etsaia izan da mendeetan. Horren erakusgarri dira otsoa aipagai duten euskarazko hamaika kontakizunak. Eta hara non, bat egin dute otso bat agertu izanak aspaldian ikusi ez zen parajeetan eta Espainiako Kongresuak espezieari zeukan babesa apaltzeak.
Espainia Europako Batasunarekin ados etorri da horretan, eta, duela hiru urte eta erdi Babes Bereziko Erregimeneko Espezie Basatien Zerrendan sartu bazuen ere, eta ordutik otsoaren egoera aldatu ez den arren, orain, baimendu egin du Duerotik gora ehizatzea, espeziearen kontrol-neurri gisa.
Erabakiak zalaparta eragin du aldekoen eta kontrakoen artean. Zientzialarien artean ez dago desadostasunik: espeziearen ikuspegitik, ez dago arrazoirik otsoari babesa kentzeko. Otsoek balio ekosistemiko handia dute, eta, kudeaketa egokiarekin, otsoa berriro sartzea estrategia onuragarria izan daiteke.
Leeds Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile batzuek horretan sakondu dute, eta iradoki dute Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea eraginkorra izango litzatekeela klima-larrialdiari aurre egiteko. Beharbada, otsoaren eta klimaren arteko lotura ez da nabaria, baina adibide esanguratsua da agerian uzteko zenbateraino dauden elkar lotuta bizidunak eta ingurunea.
Eskoziako lur haiek garai batean basoz estalita zeuden. Azkeneko hamarkadatan, ordea, basoak desagertzen joan dira. Eta, horrekin, berotze globalaren ondorioak apaltzeko eragile garrantzitsuenetako bat galdu da.
Eta zer zerikusi dute otsoek basoekin? Ikertzaileek azaldu dutenez, otsoa duela 250 urte desagerrarazi zuten Eskoziako Lur Garaietatik. Geroztik, oreinak asko ugaritu dira, harrapakari handirik gabe geratu baitira. Kalkuluen arabera, 400.000 orein daude gaur egun Eskozian. Eta haiek dira basoak desagertu izanaren erantzuleak, ez baitiete zuhaitz berriei hazten uzten.
Ordenagailuz egin dituzten simulazioetan ikusi dute 140-190 otso inguru sartuz gero orein-populazioa orekatu egingo litzatekeela. Ondorioz, basoak sortuko lirateke berriro, eta karbono dioxidoa xurgatuko lukete. Zenbat? Milioi bat tona karbono dioxido; hau da, Erresuma Batuak 2050erako planifikatu duen karbono-jaitsieraren %5. Ekonomikoki, irtenbide teknologikoak baino merkeagoa izango litzateke.
Beste onura batzuk ere ekarriko lituzkete otsoek: turismorako amua izan litezke, oreinek eragindako istripuak gutxituko lirateke, eta Lyme gaitza (akainen bidez transmititzen dena) kontrolatuko litzateke. Osasun Bakarraren estrategiak hori berresten du: orekan dauden ekosistemak txertoak dira, bai animalientzat, bai gizakiontzat.
Ekosistema horiekin elkarrekintzan dauden taldeak ere kontuan hartu behar dira; bereziki, abeltzainak eta artzainak. Haiek ere behar dute babesa. Baina nahiko begi-bistakoa da, une hauetan, badituztela otsoa baino etsai handiagoak. Eta ez dira hartzak, ez.