ainara castellano
Ikerbasque Associate EHU-n

Oroitzapenak izozten

2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Memoriak sentimenduak, gertaerak, irudiak edo ideiak bezalako esperientziak gure barnean gordetzeko aukera ematen digu. Azken batean, gure iraganari dagokion edozein elementu babesten du. Memoria funtsezkoa da gure ikaskuntzarako eta, beraz, gure biziraupenerako; oroitzapenei esker hobeto molda gaitezke gure inguruneko beharretara. Ahaztea, gogoratzearen kontrakoa kasu, egokitze-prozesu bat da, organismoei ingurumen-baldintza aldakorrei erantzuteko aukera ematen diena.

Baina memoria —eta memoria ahazteak— aztertzea zaila da, nagusiki burmuinak oso konplexuak direlako. C. elegans zizarea memoria bezalako prozesuak ikertzeko modelo bikaina da. 302 neurona baino ez ditu; bere burmuina txikia da, baina asoziazioak ikasi egiten ditu. Zizare horiei usain bat desatsegina dela irakatsi ahal zaie, eta oroimen hori mantentzeko gai dira bi orduan; bi orduren ondoren ahaztu egiten dute. Zientzialariek jakin dute zizareak izotzetan jartzen badira, ez direla usain desatseginaz ahazten. Oroitzapena mantentzen dute, baina izotzetik atera eta bi ordura berriro oroimen hori ahaztu egiten dute. Bitxia bada ere, zizareak pixkanaka tenperatura hotzetara ohitzen badira, ez dira gai memoria mantentzeko: berriro ere bi orduan ahaztu egiten dute ikasi duten hori, nahiz eta tenperatura baxuetan egon.

Aurkikuntza horren aurrean, zientzialariak azalpen baten bila hasi ziren eta topatu zuten zizareei litioa emanez gero memoria ere mantendu ahal zutela. Litioa konposatu kimiko bat da, metal bat hain zuzen, eta bere erabileren artean nahasmendu bipolarraren tratamendua topatu dezakegu. Gaixo horietan, litioak garuneko jarduera anormala murrizten du, eta horrela gertakari maniakoak tratatzen eta prebenitzen ditu.

Baina zer daukate komunean hotzak eta litioak, nola da posible biek zizareek oroitzapenak mantentzea areagotzea? Badirudi gakoa diacilglicerol izeneko molekula batean dagoela. Molekula horrek neuronen arteko komunikazioan parte hartzen du eta bai hotzaren presentzian baita litioaren aurrean ere bere kantitateak murriztu egiten dira. Beraz, diacilglicerolaren kantitate txikia hotzak eta litioak eragindako ahanzturen atzerapenaren arrazoia da.

Ikerketa horrek galdera anitz sortzen ditu: zergatik ahaztu, memoria mantentzeko gaitasuna edukita? Zizareetan topatutako mekanismo hori beste animalietan eta gizakietan ere topatu ahal dugu? Zer aplikazio izan ditzake? Galdera horiek eta beste askoz gehiago erantzuteko lan ugari dago egiteko. Bitartean, eta badaezpada ere, fresko mantendu zuen oroitzapenak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.