Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Ordua eta denbora

2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ez du hain aspaldi, «oren zahar» eta «oren berri» baziren gure herrietan. Erresistentzia zerbait bazen hor, beha diezaiogun. Errepublikak ordu aldaketa egin zuelarik, 1905 urte horietan, hemengoek bortizki ukatzen zituztela eliza eta estatuaren bereizte legeak, herri batzuetan erabaki zuten ez onartzea ordu berria: bi orduak zilegi ziren.

Hitlerren Alemaniak erabaki zuen Europa osoa «ordu alemaniarrean» jartzea gerra mundialaren garaietan. Udako ordu eta neguko orduak kasailan ari zaizkigu ere orain: Errusian erabaki zuten iaz azkenaldiko aldaketa hori egingo zutela. Hemen ere, noizbait, behi deitzeen ordu aldaketak kaltegarri zirela aldarrikatu zen.

Afera uste baino serioagoa da. Hara nola «Greenwicheko ordua», GMT edo Greenwich Mean Time hura ez dela denen gustukoa. SaudiArabiak jarri nahi du AST bat, Arabian Standard Time bat, ordu «islamikoa» mila milioi eta erdi musulmanei emateko mundu zabalean. Badu kanorerik: Mekan jarriko dute 609 metro gorako dorre baten puntan,46 metroko diametroa izango duten lau leihoetan, 21.000 argi basorekin! GMTri hiru ordu gehituko zaizkio. Kolonialismo kristauari ostiko ederra berez ere.

Ordu eta denboraren kontrolaren gerrak ditugu ere beraz. Ez diezaiegun harririk bota, zeren eta Denbora Unibertsalean ere bataila handia baitugu orain. 1972an jarri ziren erloju «atomikoak» erreferentzia gisa. Nola horiei noizbehinka segundoak gehitu behar baitira lurraren itzuli aldaketengatik, desadostasunak daude estatu handien artean, kalkulu huts arriskuengatik. Ilargiari so egon gaiten berdin, ametsaren orduarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.