Elikadura. Hazkurri kontuak

Onddo eta perretxikoak kontserbatzeko metodoak

2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Beharbada, perretxikotan guk baino suerte hobea izan duzuenez, espazio-arazoak dituzue orain, bildutakoa ezin antolaturik zabiltzatela. Ez kezkatu, estualdi horretatik irteten lagunduko zaituztegu eta: tripa-festa aparta ospatu ordez, parte bat jan eta gainerakoa kontserbatu egin dezakezue, geroago jateko, izozturik, gatzetan, olio edo urinetan, deshidrataturik, esterilizatuta, ozpinetan…

Lehendabizi, berariazko jardueran hasi aurretik, kontserbatu beharrekoa prestatuko dugu: garbitu perretxikoak, kendu usteldutako alderdiak, zomorroek eragindako akatsak, etab. Osorik, itxura on-onekoa ez bada, akaso pusketa txikitan ebakita merezi du.

Lehortzea

Arrosario modukoak sortuko ditugu, perretxikoak hari batean josiz. Txirikorda horiek toki lehor ilunean eskegiko dugu, pisua eta hezetasuna galdu arte. Pazientziarik edo eguraldi aldekorik ez badugu, ebaki aleak xerretan eta sartu labean, 50ºC inguruko tenperaturan, berariazko paperaren gainean. Edo utzi erradiadore gainean.

Lehortutakoan, kristalezko ontzietan sartu eta ondo itxiko ditugu. Prestatzeko unean, hidratatu berriro ur epeletan, ordu erdi batez.

Itsusi samarrak ikusten badituzu, birrindu perretxikoak hauts bihurtu arte eta gorde ontzietan: saltsa, zopa, krema eta antzekoak lurrindu, aberastu edo alaituko dizkizue horien baso-aireak.

Izoztea

Galdarraztatu perretxikoak gatzaz eta tanta bat ozpinez alaituriko ur irakinetan, hiru minutuz. Lehortu aleak paperez eta sartu izozteko zorroetan. Nahiago baduzu, kuzinatu zeure gustura. Ateratakoan, betikoa: desizoztu poliki-poliki eta eman egurra sutan.

Gazitzea

Kilo bakoitzeko, 100 g gatz larri jarriko dugu. Perretxikoak, garbi eta lehor, ontzian sartuko ditugu, geruzetan, gatz geruzekin tartekatuz. Gain-gainean, gatza. Kontsumitu aurretik, gezatu uretan.

Oliotan

Onddo eta perretxiko mamitsuak gordetzeko, ederra metodoa. Garbitu eta ur irakinetan galdarraztaturik, lehortu eta sartu txarro esterilizatuetan, gatz pittin batez, olioz estalita.

Orijinaltasuna

Metodo hauek guk erabili ditugu gure inguruko onddo eta perretxiko ohikoenak jangarri iraunarazteko eta oraingoz lagunik ez zaigu hil motibo horrengatik.

Gogoan izan Euskal Herriko onddo guzti-guztiak direla jangarri. Behin, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.