Uda amaitu da, eta oporrak ere bai. Inguruaribegiratuz gero, ez du gogo handirik ematen barre egiteko, ezta irribarre herabe bat azaleratzeko ere. Uda guztian zehar eta, oporretatik bueltatu ondoren are gehiago, hizpide bakarra izan dugu: krisialdia, alegia. Erreskatea, arrisku-saria eta abar izan dira irrati eta telebista esatarien ahotan...
Panorama beltz horren aurrean, aurpegi ona jarri eta zuen ezpainetan irribarretxo bat marrazten saiatuko naiz, ardoaren unibertsoan ere noizbehinka gertatzen dira-eta halako berri edo aurkikuntza politak.
Gallinas y Focas da gaur pixka bat ezagutuko dugun ardoa; Mallorcako ardo bat, hain zuzen ere.
Baina ardo bat baino zertxobait gehiago ere badela esaten ausartuko naiz.
4 Kilos Vinicola upategiaren eta Amadip Esmenten arteko elkarlanaren emaitza dela esan daiteke.
Amadip Esment adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten duen erakunde bat da. Haiek eta beren familiek beste edonork dituen aukera berak izan eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko sortu zuten.
Amadip Esmenteko partaideek ardoa egiteko prozesu osoan parte hartzen dute, eta haiek dira proiektu honetan protagonista nagusiak, inongo zalantzarik gabe.
4 Kilos Vinicola 2006an sortu zen, eta ardozaleon artean aski ezagunak diren Francesc Grimalt eta Sergio Caballero dira upategiko buruak. Francesc Grimalt Anima Negra-ren sortzaileetariko bat izan zen, Mallorcan callet mahatsa berreskuratzearen bultzatzaile nagusia.
Eta geldirik egon ezin diren horietakoa izanik, orain proiektu berri eta polit honetan ere buru-belarri ari da, adimen urritasuna duten pertsonei aukerak eman eta, gainera, haiekin batera ardo eder eta gozagarri bat sortuz. Ardoa syrah eta manto negro mahatsez egina dago, erraz edaten den horietakoa da, ez da oso egituratua, testura belusatua ahoan, eta fruta dotorea eta bikaina eskaintzen ditu.
Baina erreparatu diezaiogun ardoaren izenari... Nondik izen hori?
Amadip Esmenteko partaideek erabaki behar zuten ardoari zein izen jarri, eta hori egiteko bilera bat egin eta han brainstorming dibertigarri batean (Youtuben dago ikusgai) Gallinas y Focas izena jartzea erabaki zuten. Zergatik, baina, izen hori? Haien erantzuna bitxia bezain poetikoa dela esango nuke: «Oiloak dibertigarriak dira, eta fokek txaloak egiten dituzte».
Baina Amadip Esmenteko partaidetza ez da horretan geratzen; mahastitik mahatsa upategira ekarri zutenean, haiek jaso eta upel irekietan mahatsa zapaldu zuten. Ardoaren irudian ere zeresan handia izan zuten, haiek egindako marrazkiekin egindako collage bat baita botilak daraman etiketa dotore eta erakargarria.
Foken antzera, hor doaz nire txaloak ere ardo horrentzat.
Elikadura. Ardoxka
Oiloak eta fokak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu