Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Oi Nafarra…

2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Nafarra, oi Nafarra, Euskadi Lehena! Aspaldiko kantaren lehen hitzak ditugu hor, Kanboko Michel Labeguerierenak, euskaldunak sutan jarri zituen orduko melodietarik bat. 50 urte baitute orain gitarraz lagundu ziren hitz horiek. Abertzaletasun historiko bat pizten zuten orduan. Oraindik oihartzunik ba ote dute? Nafarroaren Eguna Baigorrik ospatuko du bihar eta, ohiko lelo arrunta hor da ere: euri zaparradetarik gure Ortzi jainkoak gerizatuko gaituenez.

Lanaren eskasia, bizitzaren nekeak, eramaten gaituen materialismo arrunta, etsipen jarraikiak, hainbat esteka ametsetarik baztertzen gaituztenak, denak hor dira gu amets atsegingarrietarik baztertzeko. Ikasi ditugu ere Nafarroako erregeen jukutriak mugaz bestaldeko aristokraziarekin edo, bistan da, Aragoi edo Gaztelakoekin. Barruko gatazkak ere, Leringo Konde traidorea, Bianakoaren pozoitzea... Baina baita ere, gure Teobaldo errege poeta musikaria edo Santxo Azkarra hegoaldeko basamortuetan zaldun eta Miramolinen gateen jabetzen ari.

Ahaztu ote ditugu Orreagakoirrintzinak? Mendietako galtzadetan mendez mende ibili Europako ibiltari, langile, ofizial edo artistak, gure izatea hazi zutenak, munduari ireki gintuztenak, negozio eta truke baikorren iturri izan zirenak. Ametsak baztertuz gure eguneroko bizitik ahuldu gara. Batek kontatuko du Mark Legassen hitzak, bere «kontrabandako Pleyel pianoan jo Independentziaren Sonata» amets hutsa eta inozoa dela. Errepika dezagun goraki Paul Fortek bezala: «Ametsik gabeko herriak hotzez hiltzera kondenatuak direla!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.