Jose Ramon Bilbao
EHUko Genetika irakaslea

Obeliskoak

2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Gure barruan edota azalean bizi diren mikroorganismoen komunitate izugarriek eragin handia dute gure garapenean eta osasunean, eta gorputz-atal bakoitzeko mikrobiotaren karakterizazioa zientziaren interesgunea izan da aspalditik; izan ere, hainbat gaixotasunen giltza komunitate horien orekan egon daitekeela ikusi da. Orain arte ezagunak ziren birus, bakterio eta onddoei beste kide bat gehitu zaio, inoizko izaki mikroskopiko bitxienak identifikatu berri baitira ahoan eta hesteetan, eta aurkikuntza horrek astindu ditu bizitza ulertzeko eta sailkatzeko egungo eskemak.

Izan ere, obeliskoak (horrela izendatu dituzte izaki berriak) edozein birus baino txikiagoak eta sinpleagoak dira, proteinazko estalkirik gabeko RNA molekula zirkular biluziak direlako. Landareetan bizi diren biroideekin alderatuta, berriz, garatuagoak dirudite obeliskoek. Landareak infektatu eta haien hazkundea moteltzen duten biroideak RNA begizta lauak dira, eta obeliskoek, aldiz, makila forma hartzen dute eta sekuentzia genetiko bakarrak dituzte, oblin izeneko proteinak kodetzeko. Dena dela, harrigarriena zera da, biroide eta birusen artean dauden izaki bitxi hauek gure gorputzetan bizi diren bakterioen barruan ugaltzeko gai direla.

Joan den astean Cell aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketak ia 30.000 obelisko mota identifikatu ditu munduko hainbat eskualdetako giza gorozkien eta listuaren mikrobioman. Gainera, obelisko mota desberdinak aurkitu zituzten gorputzeko atalen arabera, hesteetatik ahoraino, eta horrek iradokitzen du obeliskoek bakterio-ostalari espezifikoak dituztela; adibide modura, Streptococcus sanguis ahoko bakterio ohikoan aurkitu zuten obeliskoa, S.s-obelisk

Nolanahi ere, ez dirudi obeliskoak ezinbestekoak direnik bakterioen biziraupenerako. Are gehiago, obeliskoek giza osasunari eragiten ote dioten ez dakigu oraindik, baina haien presentzia orokortuak gure mikrobiotaren oreka delikatuan funtzioren bat betetzen dutela pentsarazten du. Oreka horrek, gainera, osasunean ez ezik eboluzioan ere eragina izan lezake, aldakortasunerako bide berriak irekiz.

Etorkizunean, bizitzaren jatorriari buruzko funtsezko galderen erantzunak ere etor litezke obeliskoen azterketaren ondorioz. Bere sinpletasun molekularra eta bere burua erreplikatzeko gaitasuna direla eta, zientzialari batzuek espekulatzen dute obeliskoen tankerako egiturak material genetikoaren forma goiztiarrenetakoak izan zitezkeela, agian zeluletan oinarritutako bizitzaren aurretikoak ere bai. Izan ere, lehen molekula bizia bere buruaren kopiak egiteko gaitasuna zuen RNA kate bat izan zela uste du batek baino gehiagok. 

Kontuak kontu, obeliskoek beren bakterio-ostalariekin nola eragiten duten argitzen dugun heinean, gure osasunean izan dezaketen ondorioez ez ezik, gaur egun bizitzari forma ematen jarraitzen duten antzinako indar genetikoei buruz ere ikasiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.