Lide Arana.
EHUko kimika aplikatuko irakaslea

Obeliskoak eta bizitzaren jatorria

2024ko otsailaren 9a
05:00
Entzun

Zein da bizitzaren jatorria? Nola iritsi gara gaur egun ditugun zelula konplexuetara? Galdera horiei erantzuteko teoria desberdinak ditugu, baina adituek uste dute zelulak osatu aurretik molekula sinpleak hasi zirela bizitzaren oinarrizko funtzioak betetzen. Berriki, teoria hori indartuko lukeen sistema biologiko berri bat topatu dute gizakion mikrobioman: obeliskoak. Obeliskoak ez dira bizidunak, baina bizidunon ezaugarri batzuk betetzen dituzte eta zelulen agerpenaren aurreko munduaren «fosil» modukoak direla uste da.

Bizitza nola sortu zen azaltzeko teorien artean onespen zabalena duena «RNA mundua» deiturikoa da. Eredu horrek dioenez, azido erribonukleikoak (RNA) izan ziren lehenengo sistema biologikoak sortu zituzten molekulak, eta ondoren sortu ziren proteinak eta azido desoxirribonukleikoak (DNA). Horiek guztiak elkartuz konplexutasuna handitu zela uste da, zelulen aitzindari izango ziren egiturak lortu arte.

RNA molekulek informazio genetikoa gorde eta bikoizteko (nolabait esanda, ugaltzeko) gaitasuna dute, hau da, bizidun batek bete behar duen funtzio oinarrizkoena egiteko gai dira beste molekulen laguntzarik gabe. Gainera, proteinen sintesirako RNA molekulak ezinbestekoak direnez, teoria horrek proteinen agerpena RNA primitiboaren agerpenaren ondoren kokatuko luke. Azkenik, RNA molekuletatik DNA molekuletarako jauzia eman zela uste da, zelulen informazio genetikoa DNAn gordetzen delako.

1970eko hamarkadan, antzinako RNA molekula primitibo horien ezaugarriak betetzen dituzten sistema biologikoak topatu zituzten: biroideak. Biroideak landareetan gaixotasunak sortzen dituztelako ikertu zituzten hasiera batean, eta, ikerlarien harridurarako, biroideek ez dute proteinak sortzeko informazio genetikorik gordetzen eta ez dute proteinarik beren egituran. Hau da, landare zelulei esker ugaltzeko gai diren RNA molekula soilak dira. Aditu askok diote biroideak RNA mundu horretatik gaur egun arte iraun duten fosilak direla: teoria probable egiten duen froga.

Biroideen bidetik, obeliskoak ere mundu primitibo haren fosilak direla uste da. Obeliskoak ere RNA molekula soilak dira, baina ez dira biroideak, proteinak sortzeko informazio genetikoa gordetzen dutelako. Bestelako ezaugarriak dituzten RNA molekulak dira. Izena aukeratzean, ikerlariek RNA molekularen 3D egiturari egin diote erreferentzia, harrizko obeliskoen itxura luzea omen dutelako. Argitaratze bidean den artikulu batean diotenez, kontinente desberdinetako pertsonen digestio aparatuko mikroorganismoetan topatu dituzte obeliskoak, ahoko laginetan bereziki.

Goizegi da aurkikuntza horrek zer ekarriko digun aurresateko. Baliteke gizakion gaixotasunen bat ulertzeko balio izatea, RNA munduaren teoria sendotzea, aplikazio bioteknologiko berriak bultzatzea edo agian aurrekoetariko bat ere ez. Argi dagoena da galdera eta ikerketa berriak ekarriko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.