Maratila
'Notitia' (II)
Gertakariak izkiriatuz atxiki behar direla azaltzeko, Oihenartek Josephusek Greziako idazleez idatzia gogorarazten du: «Lehenagotik Greziarrek beren bizi ukanak idatziz begiratzeko ohiturarik ez zutelako, ziren erraturik ibili eta zituzten gezurrak erran, haien ondokoek iraganezko garaiez zerbait idatzi nahi izan zutelarik»(Josephus, Appion gramatikariaren kontra). Hori dio Oihenartek Nafarren eta Aragoitarren artean den «iskirio publikoen eskasia» deitoratzen duelako, horregatik dutelako ukan aurkintza «iraganeko zenbait idazlek beren erreinuaren jatorriaz zer nahi asmatzeko» (Notitia utriusque Vasconiae…, X. Kapitulua). Era berean, XI. Kapituluan erraten du bi froga mota badirela «gure oroitzapenetik urrun diren gauzen ezagutzeko, aspaldiko autoreak eta artxibo aspaldikoak edo lekukotasun zaharrak». Estimatze handitan du, adibidez, Jeronimo Zurita historiagilearen «jakitate bakana» (XI. Kap.), nahiz ez den beti harekin akordean. Oihenarten ustez Zuritak arrazoi du, beste historiagile batzuek pentsatzen dutenaren kontra, Nafarroako erreinua Eneko Ariztarekin hasaraziz: «Zuritak beregana uzkail arazten nau, nihaurek ez nahi izanik ere, (diolarik) Nafarroako erreinuaren hasieran Eneko Arizta zela izan eta ez Garzi Ximini». (XI. Kap.). Halaber, zehazki eztabaidatzen duEnekoren «Arizta» izengoitiaren jatorria dokumentuen eta topografiaren ezagutzan oinarrituz bere arrazoiak. Horrela dezake aitzina ez dela Arizta heldu, beste historiagile batzuek uste duten bezala Aristis-etik, baizik eta Enekoren aitaren Baigorriko leinuaren eremutik: Haritzeta-tik (XII. Kap.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu