Maratila
'Notitia' (I)
Euskal Herriaren (Herrien) lehen historia-liburuan (Bi Baskonien ezagutza… Parise 1638; 1656), Oihenartek aipatzen ditu Nafarroako lehen errege Eneko Ariztaren jatorriaz izan diren hipotesiak. Molinaren ustez Aragoikoa omen zen Eneko. Martin Azpilikuetakoak aldiz, uste omen zuen, Eugiko Garziren eta Bianako Printzearen erranetan fidatuz, Lizarra ondoko Biguria aldekoa zela. Gehienetan uste delarik, Eneko Akitaniarra zela, Bigorrako bizkondeen eremukoa... Bizkitartean, teoria horiek ez dute Oihenart asetzen: «Iruditzen zait alferrezkoa dela Bigorrako lekuaren bila ibiltzea, hurbilago badelarik toki bat Enekoren populuaren bila dabiltzatenei proposatzeko». Zer leku? Nafarroa Behereko Baigorri: «Zeren Nafarroa Garaiko mugak hunkitzen dituen Akitaniako Baskonia menditsuan, bada 'pagus' bat 'Baigorria' deitua, hamar lekoaz eskas Iruñetik urrun dena…». Gogorarazten du Oihenartek Baionako eliza-katedraleko kartularioan diren dokumentu zaharretan agertzen dela hastapenean 'Biguriæ' zela deitua izan, ere 'Beygur' gero, eta gehienetan 'Baigoer'. Segitzen du azpimarratuz toki horretan berean zela bizi hastapeneko bizkonde baigorriarren leinua eta preseski familia horretan «gure aiten garaia arte» «Eneko», «Garzi» eta «Ximini» izenen emateko usantza atxiki izan dela: «Uste dut beraz Eneko Garzi herrialde horretakoa zela jatorriz, eta ez Bigorrako konderrikoa, ez delako bakarrik Nafarroatik (Nafarroa 'Garaitik') hurbil leku hori, eta haren mugetan kokatua, baizik eta Toledoko Rodrigok espresuki erraten duelako Enekoren bizilekua Piriniotako leku harritsu eta menditsuetan zela kokatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu