Asko ez akaso, baina zuetako hainbat oporretan izango zarete oraindik. Lasai, langileok —tujum—, ez gara zuen ezein seniderekin akordatuko; jaungoiko jaunak jarriko ditu gauzak beren lekuan. Adibidez, bere lekuan ondo jartzen duen gauza bat da Aste Santua: beti euripean. Hori da abilidadea, gizona. Aste Santua, igandea gustatzen ez zaigunontzat, kriminala, Santi Leonek gaztigatu bezala hiru igande eskaintzen baitizkigu elkarren segidan, arrazoi agerikorik gabe —tira, Jesu Kristoren kontu hori guztiori dago, egia, nekaldi eta piztuerarena—. Baina igandeak telebista lasai-luze ikusteko egun ere badirenez, pagotxa zaigu alde horretatik Aste Santua.
Ezen Aste Santuarekin batera ezin ekidinezko telebista hitzorduak baititugu urtero. Denok buruan ditugun filmekin, esaterako, garaitsu hauetako klasiko bilakatu diren Ben-Hur, Hamar manamentuak, Biblia hamaika aldiz errepikatuekin. Bai eta geure pastoral maitearekin ere, urtea joan urtea etorri, egun seinalatuotan ETBn ikusi ahal dugun espektakulu ezin suspergarriagoarekin. Aurten kolokan izan da, ordea, pastoralaren emisioa bera. Hasiera batean zabaldu zen ETBk ez zuela erosiko, baina azkenerako erosi egin du. Diru gutxiagoren truke, hori bai. Imajinatzen duzue eszena? ETBko direktiboa mahaiaren alde batean, Kanaldudekoa bestean: nik hamar ematen dizkizut; honek gutxienez hogei balio du; azkenean, tratua hamabostean uzteko. Eskerrak orain bi aldeek euroak erabiltzen dituzten, eta ez garai bateko franko-pezetak; bestela, oraindik negoziatzen ariko baitziren.
Aurten, baina, dena ez da izan errepikapen, dena ez da izan urteroko ohitura. Haize freskoa ekarri dio Aste Santuari Enrique de Navarra telefilmak. Igande-astelehenetan, bi ataletan eman dute ETB2n. Eta ez naiz kapaz ikuspegi historikotik ebaluatzeko; badaude gure herrian horretarako historialari lehiakor askoak. Baina, ezin gauza bat utzi esan gabe: a ze larru festa, lagunok! Garai hartako nafarrak, haien ondorengo garen menpeko euskal herritarron aldean, ondo baino hobeto bizi zirela, alajaina. Eta nire konbikzio erlijiosoekin talka egiten zuen arren, ze poza, aizue, Aste Santuan hainbeste haragi eta hain freskoa ikusi ahal izatea. Eta nahiz eta batzuek ikusi nahi ez duten, nola aldatu diren gauzak XVI. mendeko Nafarroa hartatik. Txarrerako, esan gabe doa.
Komunikazioa. Ekografiak
Nola aldatu diren gauzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu