Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Nire eskiroltasuna

2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Greba eguna Hego Euskal Herrian eta lehenengo kontraesana: zutabe hau idatzi beharra. Eta, ondorioz, lan apur bat —askorik ere ez, irakurle maite— egin beharra. Baina, batzuek uste dutenaren aurka, ez dira poliziak, kazetariak baizik greba egunetan lana justifikatuen dutenak. Bestela, inork gutxik izango bailuke grebaren beraren berri. Edo kazetari lagun batek —hobe esan, lagun kazetari batek— esan bezala, irratian gremioko eskirol bat «absoluta normalidad» esaten entzutea arrazoi nahikoa baita kazetariek greba aktiboa egiteko.

Nire eskiroltasuna, beraz, bekatu bat da, baina badu mea culpa-rik. Gainera, oso pribatua da, etxeko zulotik ari naiz lanean; inork ez nau ikusten, ez dut piketerik jasoko atean, ez komunekoan ere, eta, beraz, lasai asko egin ahal izango ditut bestelako beharrak ere. Hori bai, helikoptero zikin bat dabilkit egun guztian buru gainean, takatakata —eraginkorra ez dena agintarien intereserako: ezinezkoa da zarata horrekin lan egitea—.

A, baina kontzientzia arintzeko telebista piztea bezalakorik ez dago. Lanean ari da ETB ere: elefante bat zuhaitz baten kontra ekinean, ETB1en; bakerada bat, ETB2n; marrazki bizidunak, nola ez, ETB3n; eta aurreko eguneko futbol partida, Marseillako Olympique Municheko Bayernen aurka ETBKsaten —bide batez, Milanek eta Bartzelonak jokatutakoak %30 egin zuen, eta ETB1 asteazken gaueko lider—. Zerbitzu minimoak dira horiek, edo zer? Greba-greba izateko, doitze kartak behar luke, ezta?

Iritsi dira halako batean eguerdiko albistegiak. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako egoeraren argazkia egin dute ETBn, txukun. Nahiz gauza arraro batzuk pasa: adibidez istiluak—anekdotikoak, kasu askotan— hiriburuetako manifestazioen aurretik ematea; Bilbon ertzain batek konortea galdu duela esatea, baina ez Gasteizen gazte bat ZIUn dagoela; edo Yolanda Barcina erakustea esanez greba politikoa izan dela, batzuek «independentxia» oihukatu dutelako. Ez, emakumea, greba politikoa da agintean diren politikari batzuek langileen aurkako lan erreforma bat erabaki dutelako.

Eguna bakean bukatzeko jakin dut ez nintzela eskirol bakarra: Athletic-ek partida zuen, eta jokatu ere bai, noski. Ikusi behar azken partida ikusi zuten milaka lagunak egon ote diren telebista aurrean, horietako gehienak grebalari zintzo askoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.