Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Neurria

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Opor usainean dabiltza asko aspalditik. Irratiak uda usaina du, uda soinua, udako kantak, udako edukiak, uda. Eta udak beti izaten du bertso usaina eta doinua Euskal Herrian, bizi dugun garai arraro hauetan ere.

Ni BERRIAn bezalaxe, ikasturte erdian lur hartu zuen Eneritz Gorrotxategik Euskadi Irratiko Hitza jolas saioan. Agian ez da ohikoena saio berri bat kurtso erdian hastea, baina Hitza jolas saioa zerbait ez bada, berria da. Nahiz eta gidari berria izan. Gabiriakoak hartu du Xabier Sukiaren ondotik saioa gidatzeko ardura, helburua jendeak bertso ikusgarriak entzutea. Nikolas Aldai zenaren lekukoa hartu zuen Xabier Sukiak, eta hortxe imajinatu dut Sukia Euskadi Irratiko txokoren batean Aldaik emandako aholkuak Gorrotxategiri ematen.

Ez da makala erronka, etxe askotan saio hori entzuteko ohitura berezkoa dela jakinda. Askok sumatuko zuten larunbat eguerdietan saioaren hutsunea, eta ziur nik bezainbeste eskertu dutela itzulera ere. Polita da, gainera, lehengo eta oraingo bertsoaldiak entzutea. Bertsolaritzako terminoak erabiliz esan dezaket neurri eta doinuan asmatu duela Eneritz Gorrotxategik, baita jarritako puntua erantzuten ere. Bikain josten eta tolesten dituela saioko puntu guztiak.

Beste irrati batzuetan badira bertsoari eskainitako saioak ere. Xorroxin, Bilbo Hiria edo Hala Bedi irratietan, adibidez. Bakoitzak du bere estilo propioa eta bakoitzak egiten dio bere ekarpena bertsolaritzari eta bertsozaleari. Plazan kantatutakoek etxeetarako bidea izan dezaten. Bertsozale asko gara, irratiari esker, bertsoak jaso ditugunak. Modu horretara ikasi dituzte eta ditugu askok bertsolarien agurrak.

Plazan hasierako agurrak bezain garrantzitsuak izaten dira bukaerakoak. Saioan zehar izandako sentsazioei buruz, plazari buruz kantatzeko aprobetxatzen du bertsolariak.

BERRIAko plaza garrantzitsua da euskaldunontzat, gustuz aritu naiz bertan, nahiz eta azken orduko buruhausteren bat edo beste eman didan. Batzuetan asmatuko nuen neurrian, beste batzuetan ez, eta hortxe ibili gara ekilibrista lanetan. Eskerrik asko Euskal Herriko irratigintzan ari zareten guztiei, plazera izan da zuek beste belarri batzuekin entzutea.

Oraingoz, hau da nire azkeneko agurra, irratiak elkartuko gaitu edo beste gerizperen batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.