Zientzialari bati elkarrizketa ekimenaren aitzakiarekin Berrobiko eskolan bisitan nintzela, ikasle batek galdetu zidan ea zelulak ikus ditzakegun. Ikusi, ez nituela begi hutsez ikusten esan nion. Laginak «ikusgarri» egiteko prestatzen ditugula eta tresna bereziekin zelula horiek nolakoak diren jakiteko moduak badirela azaldu nion. Saiatu nintzen arren, ezin izan nuen ikaslearen eszeptizismo aurpegia aldatu. Egia esan, ez da gutxiagorako! Izan ere, zelulak ikusgarri egiteko modu eta tresna horien mendekotasun handia dugu zelulak benetan nolakoak diren ezagutu ahal izateko. Horrela, erabiltzen dugun prestaketa motaren arabera, modu batera edo bestera ikusteko arriskua dugu.
Horren adibide da abendu hasieran neurozientzialarien artean sortu den eztabaida. Izan ere, Nature aldizkarian argitaratutako lan batean neuronen egituraz orain arte uste zena ezbaian jarri dute. Santiago Ramon y Cajalen lanari esker dakigu neurona batek hiru zati dituela: dendritak, soma eta axoia. Azken hori zilindro leun baten moduan irudikatu ohi da testuliburuetan, landare baten zurtoina bezala. Bada, ikerketa berri horretan diotenez, zurtoin baten itxura baino perlazko koilare baten itxura handiagoa du, zilindro horretan zehar tartekatutako bolatxoak «ikusi» dituztelako.
Gainera, egitura horien funtzioa neuronen seinaleak kontrolatzea dela ere deskribatu dute, nerbio-bulkada ulertzeko dugun modua are konplexuagoa bilakatuz. Aurkikuntza horren inguruko adituen iritziak bildu ditu Science aldizkariak. Batzuek diotenez, laginak prestatzeko erabilitako modu berriak (presio handiko izozte prozesua) estres egoera sortzen die neuronei eta hori da egitura horiek agertzeko arrazoia. Besteek diotenez, prestaketa klasikoak baino hobeto mantentzen ditu benetako egiturak eta horregatik izan da posible bolatxoak ikustea. Dena den, guztiak bat datoz ideia batekin: kontuan izan beharreko aurkikuntza dela eta, ikerketa gehiago egin beharko direla artefaktu bat edo benetako egitura den adostasunez esan ahal izateko.
Errealitatea behatzen
Eztabaidak eztabaida, Berrobiko ikasleari esan gabe geratu nintzen zientziak baduela gauza oso on bat: jakina dela erabiltzen diren prestaketa eta tresnek errealitatea «ikusteko» alborapenak sortzen dituztela. Jakina den bezala tresna berriek aurkikuntza berriak egitea ahalbidetzen dutela eta teoriak etengabe berraztertu behar direla errealitatea gero eta hobeto ezagutzeko.
Mikroskopia elektronikoaren garapenak Ramon y Cajalek tresna sinpleagoekin postulatutakoak berretsi zituen bezala, posible da, era berean, presio handiko izozte prozesuak urte luzez laginak prestatzeko erabilitako modu klasikoagoak artefaktuak sortzen dituela frogatzea. Agian laster testuliburuetako neuronen irudiak berraztertu beharko ditugu teoria berrira egokitzeko.