Bada ia DNA analisien bidez bakarrik ezagutzen den giza espezie bat. Duela dozenaka milaka urte, Siberia hegoaldean, Altai mendietako Denisova leizean bizi izan zen leinu hartatik ezagutzen dugun banako bakarra, neskato bat. XXI. mendeko Homo sapiensok 2010ean izan genuen haren berri, Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutuko Svante Pääbo ikertzailearen eskutik.
Falange zati batek eta bi haginek osatzen dute arkeologoek aurkitutako arrastoen bilduma, apenas deus. Apenas deus horretatik, ordea, ikertzaileek ondorioztatu ahal izan dute orain arte ezezagun zen giza espezie bat existitu zela. DNAren analisia izan da aurkikuntzaren giltza; izan ere, milaka urtez haitzulo galdu batean kontserbatutako hezur ñimiño batek ez-ohiko proportzioan gorde du DNA. Eta XXI. mendeko giza teknologiak gaitasuna izan du hartatik informazioa erauzteko.
Fosila aurkitu zenetik, genomaren hiru sekuentzia osatu dira. Mitokondrioetako genomaren analisia egin zen lehenengo. Zelulen barreneko organulu batzuk dira mitokondrioak, eta bere DNA duten bakarrak, zelulan nukleoan dagoen DNAtik desberdina. Amarengandik jasotzen dugu mitokondrioetako DNA, eta, kantitatez zelulen nukleoan dagoena baino askoz txikiagoa den arren, amaren aldeko herentzia-lerroari jarraitu, eta denboran atzera egiteko aukera ematen die ikertzaileei haren analisiak. Mitokondrioetako DNAren analisia ohiko tresna da eboluzioa ikertzeko, eta, kasu honetan ere, emankorra izan zen: falange-zati hartan aurkitutako DNAk adierazten zuen ordura arte ezagutzen ez zen giza espezie baten aurrean ginela.
Mitokondrioetako DNAren analisiaren ondoren iritsi zen genoma osoaren zirriborroa, hura ere 2010ean. Eta Pääboren laborategian bertan garatutako teknika sofistikatuago bati esker, kalitate handiko genomaren sekuentzia argitaratu da joan den abuztuan. Genoma osoaren sekuentziak berretsi egin ditu mitokondrioetako DNAren analisiaren ondorioak: neskato hura eta haren leinua ez ziren Homo sapiens espeziekoak, ez eta neanderthalak ere.
Mitokondrioetako DNAren analisiaren ondorioak berresteaz gain, informazio berria ere ekarri digu genoma osoaren analisiak. Eboluzioaren historian atzera, aditzera eman digu Denisovako gizakia ez zela neanderthala, baina arbaso komuna izan zutela biek, eta filogeniaren zuhaitzean gertuago dagoela neanderthalarengandik gugandik baino. Eboluzioaren historian aurrera, agerian utzi du ez garela izan XXI. mendeko Homo sapiensak neskato haren leinua ezagutu dugu espezieko lehen kideak. Izan ere, gaur egungo Melanesiako biztanleek gizaki haren ondare genetikoa dute. Genomaren % 6 inguru konpartitzen dute Denisovako neskatoarekin, eta horrek iradokitzen du iraganean gurutzatu egin zirela bi espezieak. Gurutzaketa noiz eta non gertatu zen ez dakigu zehaztasunez, baina Melanesiako biztanleek haien ondare genetikoa baldin badute, esan nahi du Asiaren hego-ekialdeko uharteetan ere bizi izan zela gizaki hura.
Denisovako gizakiaren ezagutza sakonagoa ekarriko duten aztarna eta banako gehiago aurkitu zain, txundigarria da zenbaterako eman dezakeen gaur egun «apenas deusek». Duela hamarkada bat baino gutxiago ezinezkoa izango zatekeen falange-zati txiki batetik halakorik jakitea. Orain, berriz, DNAren analisi-tekniketan izandako aurrerapenei esker, gai gara desagertutako giza espezie bat identifikatzeko, eta, gai jakiteko Denisova leizean hil zen azal, ile eta begi iluneko neskato haren ondarea oraindik bizirik dela gure artean.
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian
Neskato baten ondarea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu