Elikadura. Eko-tik

Neguaren oparotasuna

2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Azkenengo egun eta asteetako eguraldiari begiratuta, inork ez du ukatuko negua iritsi dela. Udazkenaren kolore biziak itzali dira, eta kalean, eguraldiari buruzko aipu ohikoena «barru giro» da. Argi orduei dagokienez urteko egun motzenak joan diren arren, ez da aldaketa handirik nabari; eta baratze zein arbolek euren baitan bilduta loaldian jarraitzen dute. Sarritan iruditzen zait natura ez dela neguan deskantsatzen duen bakarra, gizakiok ere nolabaiteko uzkurdura bat jasaten dugula, eta gure onerako beharrezkoa da garaiak sumatzea eta horren arabera bizitzea. Baina makalaldi fisikoa baino gehiago, krisialdi animikoa behatu nahi nuke, udaberria noiz iritsiko zain egoteko garai bat baino gehiago delako negua. Badirudielako, oro har, urte hasieran geure buruari jartzen dizkiogun urte berrirako asmoez gain, berrikuntzetarako tarte txikia onartzen dela garai honetan. Teoria horren jatorriaren oinarrietako bat da azken aste hauetan entzun dudan esaldia: «Neguan zer dago, ba? Azak eta porruak, besterik ez»; eta ez kalean soilik, komunikabideetan ere bai.

Baratzezain gisa, astero prestatzen ditugun azoka eta otarrei begiratzen diet, eta erakusten duten oparotasuna ikusita (aza, azalorea, romaneskoa, brokolia, borraja, arbia, mihilua, osterzuria, porrua, kuia, erremolatxa, ziazerba, apioa...) transmisioak non kale egiten duen galdetzen diot neure buruari. Proposamen berriak dastatzeko prestasuna nahiko mugatua izaten da sarritan. Egia da barazki batzuk ez direla ezagunak, edo jateko ohiturarik ez dagoela, baina soluzioa denbora izango al da? Edo neguaren gogortasunean anonimo izaten jarraituko dute? Gero, merkatuetan urte guztian falta ezin den barazki bat etorri zait gogora: tomatea. Hego Amerikatik iritsia, garai batean pozoitsutzat hartu eta apaingarri gisa erabilia, gero saltsa moduan dastatua eta gaur egun entsalada guztien edozein garaitako osagaia. Zergatik zabaldu da hainbeste? Tomatearen ibilbidea zein izango ote litzateke hasieran neguko barazki gisa ezagutu izan bagenu? Egia ote da udako epeltasunak berrikuntzetara irekiago egonarazten gaituela? Urte batzuen buruan aurrez aipatu dudan horietako bat neguko tomate bihurtuko al da?

Ez da negua pasatzen utzi behar, negua bizi egin behar da! Baratzeak, erdi lotan bada ere, uzta ematen jarraitzen duelako. Artzainek garai honetan eskaintzen dituzten arkume eta mamiak dastatzeko. «Barru giroko» une horiek baliatu urtean zehar denbora faltagatik prestatzen ez ditugun platerez gozatzeko. Edo ohiko haragi xerra gainditu eta beldur pixka bat ematen diguten haragi zatiak ezagutu eta gauza desberdinak prestatzeko aukera ez galdu.

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.