Kataluniako Unibertsitate Irekiak jakinarazi duenez, Youtube klima larrialdiaren negazionisten «paradisu» bihurtu da. Eta xehetasun bat ere eman du: youtuberrek, hau da, plataformarako edukien sortzaileek, arrazoibideak aldatu dituzte, eta ez dute ukatzen klima aldatzen ari denik; ebidentzia zientifikoak mespretxatzen dituzte.
Ondorio horiek atera ditu sare digitaletan hedatzen den gorrotoari aurre egiteko CCDH zentroaren azken txostenetik (The new climate denial). Azken sei urteotan Youtuben guztira 326 milioi aldiz ikusi diren 12.000 bideo aztertu dituzte, adimen artifiziala erabilita.
Horren bidez, baieztatu dute klima larrialdia ukatzen dutenen argudioak aldatu direla. Lehen, bi argudio erabiltzen zituzten: lehenik, klima ez dela aldatzen ari, eta, bigarrenik, giza jardueraren ondorioz atmosferara isuritako gasek ez dutela eraginik kliman. Orain, ordea, hiru mezu nabarmentzen dira youtuber negazionisten artean: batetik, klima aldaketaren ondorioak ez direla kaltegarriak; bestetik, klima aldaketari aurre egiteko proposatzen ari diren irtenbideak alferrikakoak direla; eta, azkenik, klima aztertzen duen zientzia ez dela fidagarria.
Ikertzaileen ustez, klima aldaketa ukaezina izateak ekarri du argudioak berritzea. Negazionisten mezuen %70ean agertzen dira hiru argudioetakoren batean; 2018an, %35ean baino ez ziren halakoak esaten. Horrekin batera, %34,3 gutxiagok ukatzen dute klima berotzen ari dela, eta %0,8 gizakia ez dela eragilea.
Arrazoiketaren aldaketarekin pisu bereko bi iritzi kontrajarri daudelako itxura sortu nahi dute, jendeak sinesgarritzat jo ditzan klima aldaketa ukatzen duten adierazpenak. Bide batez, ezkerreko politiken aurka ere egiten dute.
Ohiko komunikabide gehienek ez diete negazionistei oihartzunik ematen. Youtubek, ordea, ez du eragozpenik era horretako edukiak argitaratzeko: ongi etorriak dira, bisitariak eta publizitatea erakartzen baitituzte. Ikerketan aztertu dituzten kanalei esker, Youtubek urtean 13,4 milioi dolar irabazten dituela zehaztu dute (12,32 milioi euro).
Euskal Herrian ere, Youtube da bideo plataformarik erabiliena. Ikusikerrek EHUko eta NUPeko ikasleei egindako galdeketan, Youtuben egunean ordu erdi eta ordubete bitartean ematen dute: aukera handiak dituzte horrelako edukiak jasotzeko.
Google konpainiak 2021ean politika bat ezarri zuen klimari buruzko adostasun zientifikoa ukatzen duten edukiak oztopatzeko. Txostenaren egileek, ordea, argi erakutsi dute politika hori ez dela eraginkorra, eta ikuspegia aldatzea proposatu dute, aintzat hartzeko klima aldaketaren arrazoiak, eraginak eta soluzioak ukatzen dituzten mezuak, ez soilik adostasun zientifikoaren aurkakoak.
Plataformari arduraz jokatzea eskatzeaz gain, ezinbestekoa da kultura zientifikoa eta ikuspegi kritikoa sustatzea gizartean, Youtube ez baita halako mezuen bozgorailu bakarra.