EHUko Antropologia irakaslea
Zenbaitetan idatzi dut neanderthalen inguruan zutabe honetan, beraien genomak ematen digun informazioaren inguruan batik bat. Baina genometatik urrun ere badaude beste zenbait gai interesgarri, gure eboluzioan garrantzitsuak izan direnak. Gaur, neanderthalen kultura, artea eta pentsamendu sinbolikoa jorratuko ditugu hemen.
Orain dela 40.000 urte inguru, gizaki modernoa Europara heldu zen, eta, hurrengo 10.000 urteetan, neanderthalak desagertuz joan ziren poliki-poliki. Neanderthalen inguruan orain gutxira arte genuen iritzia negatibotzat har dezakegulakoan nago: neanderthalak primitiboak ziren, eta gizaki modernoak, aurreratuak; neanderthalek ozta-ozta lortzen zuten aurrera ateratzea; gu, aldiz, arrakastatsuak izan ginen; neanderthalak sinpleak ziren, guk pentsamendu sinboliko garatua genuen eta artearen bidez azaleratzen genuen. Egia da ikertzaile gutxi batzuek hamarkadak daramatzatela neanderthalen sinpletasun horren kontra argudioak proposatzen, baina ikertzaile gehienek ez zituzten onartzen. Horrela, ikertzaileen gehiengo batek muga argia zuten gai horretan: pentsamendu sinbolikoa eta artea, eta horrekin batera gaitasun kognitibo aurreratuak eta hizkuntza, gizaki modernoen ezaugarriak izan dira bakarrik, eta ziurrenik gaitasun aurreratu horiei esker neanderthalei gailendu gintzaizkien.
Badirudi, azkenean, muga hori behin betiko gainditu egin dela. Hoffmann eta lankideek otsailean Science Advances aldizkarian argitaratu duten lanean, orain dela 115.000 urte neanderthalek zulaturiko txirlen maskorrak aurkeztu dituzte, iduneko baten zatiak zirenak ziurrenik, eta hainbat pigmentu erabili zituztela frogatu dute. Antzekoak diren aurkikuntzak gure espeziean pentsamendu sinbolikoa frogatzeko erabili izan direnez, guk eta neanderthalek antzeko jokamoldeak genituela ondorioztatu beharko genuke. Hori guztia lotu beharko genuke ikertzaile talde berdinak Science aldizkarian orain dela urtebete argitaraturiko neanderthalen labar-artearekin. Zer esan nahi du horrek guztiak? Artea eta apaingarriak sortzeko gai baziren, pentsamendu sinboliko garatua, kognizio aurreratua eta hizkuntza zituztela ondorioztatu beharko genukeela. Horrela izanda, gure eta neanderthalen arteko azken arbaso komunak ere ezaugarri kultural horiek eduki beharko lituzke, orain dela 500.000 urte inguru.
Eta oraindik urrunago eraman dezakegu agian jokamolde kultural horien sorrera. Orain dela bost urte, Josephine Joordensek eta haren lankideek Nature aldizkarian proposatu zuten Homo erectus gure arbaso urrunak ere sigi-saga motako marrazki bat egin zuela orain dela 400.000 urte. Badirudi gu, gizaki modernoa, ez garela izan kultura eta gaitasun kognitibo aurreratu eta bereizgarriak eduki dituzten bakarrak. Gero eta arruntagoak garela dirudi...
Zientzia. ARGI ALDIAN
Neanderthalen kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu