Mikel Iriondo Orensanz.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Neanderthalen eta denisovaren Y kromosomak

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gure espeziearen eboluzioan zehar gizaki arkaiko asko egon direla jakin badakigu, eta horien artean gurekin hurbilen erlazionaturik daudenak neanderthalak eta denisovarrak dira. Genomen analisietatik jakin dugu ere neanderthalek eta denisovarrek beraien artean ahaidetasun hurbilagoa dutela, eta haien arbasoa orain dela 550.000-765.000 urte artean banatu zela gure arbasotik. Ziurrenik, hiru gizaki talde horien azken arbaso komuna Afrikatik Eurasiara atera zen garai horretan, Eurasian neanderthalak eta denisovarrak sortuz eta Afrikan gure leinua izango zena mantenduz. Orain gutxira arte genekienaren arabera, hurrengo gertakizun garrantzitsua orain dela 60.000 urte inguru gertatu zen, gizaki modernoa Afrikatik atera zenean, Eurasiako neanderthalekin eta denisovarrekin nahastuz eta azkenean bi gizaki arkaiko horiek desagerraraziz.

Baina aurkikuntza berriak inoiz ez direnez amaitzen, aurrekoarekin bat ez datozen datu batzuk argitaratu berri dituzte Petr eta lankideek Science aldizkarian. Neanderthalen eta denisovarren Y kromosomak sekuentziatu dituzte, eta, hara non, ikusi dute neanderthalen Y kromosomek, denisovarrekin baino gehiago, gurekin dutela ahaidetasunik handiena; hau da, emaitza horien arabera, gure eta neanderthalen Y kromosomak orain dela 300.000 urte inguru banatu ziren. Birkonbinatzen ez duen Y kromosomaren zatiak gizonezkoen historiaren berri ematen digu, mitokondriako DNAk emakumezkoena ematen digun bezala. Eta, kasu zehatz honetan, Posthek eta lankideek 2017an argitaratu zuten bezala, mitokondriako DNAk ere antzeko emaitza bat ematen digu, horretarako ere neanderthalak eta gu antzekoagoak baikara.

Eta, orduan, zelan batu daitezke Y kromosomako eta mitokondriako DNAko emaitza hauek aurretik genekienarekin? Ba, hasieran esan dudan bezala, neanderthalen eta denisovarren arbasoa orain dela 550.000-765.000 urte atera zen Afrikatik Eurasiara, baina orain dela 300.000 urte inguru gure leinuko batzuk neanderthalekin gurutzatu ziren, eta neanderthal horiek gure Y kromosoma eta mitokondriako DNAk jaso zituzten. Ondoren, belaunaldiz belaunaldi eta Petr eta lankideek egin dituzten kalkuluen arabera, zoriz ziurrenik, gure Y kromosoma eta mitokondriako DNA neanderthalen artean hedatuz joan ziren, haien jatorrizkoak zirenak desagertuz eta denisovarrekin zuten antzekotasuna galduz.

Genomikak, antzinako indibiduoen arteko abenturak ezagutzeko gaitasuna emateaz gain, galdera bat zabalik uzten digu ere: neanderthalak eta gu orain dela 300.000 urte inguru eta baita orain dela 60.000 urte inguru ere, hainbatetan gurutzatu baginen ondorengo emankorrak sortuz, ez al ginen orduan espezie berekoak izango?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.