Elikadura. Ardoxka

Navazos taldea

Roberto Sarriugarte
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bi mila eta bosgarren urtean hasi zen dena, gaur egun Navazos taldea osatzen duten partaideak Sanlucar de Barramedako (Kadiz, Espainia) upategi zahar eta txiki bat bisitatzera joan zirenean. Asko maite zituzten, eta maite dituzte, eta oso ondo ezagutzen zituzten, eta ezagutzen dituzte, ardo oparo andaluziarrak. Bisitaldi horretan ardozale haiek altxor izugarria aurkitu zuten: amontillado naturala, zaharra eta biziki fina, hogei urtez ia geldirik zegoena, merkaturatu gabe. Bota bat erosi (Jerezko upela), eta botilaratu egin zuten, La Bota de Amontillado Navazos izenarekin.

Beraz, pasioak bultzatutako eta gidatutako proiektu bat dela esan dezakegu inongo zalantzarik gabe. Konturatu ziren Navazos taldekoak Jerezen, Sanlucar de Barramedan eta El Puerton, baita Montilla eta inguruan ere, izugarrizko altxor enologikoak aurki daitezkeela, eta altxor horiek berreskuratu eta eurentzako eta beste lagun gutxi batzuentzako botilaratu zituzten, oso produkzio mugatuetan. Lagun horiek gehienak ardo unibertsokoak ziren: enologoak, idazleak, banatzaileak, somelierrak... eta zale gutxi batzuk ere bai; ezagupen handikoak eta kalitate handiko ardoen maitaleak, alegia.

Hasieran seiehun bat botilarekin ekin zieten Navazos taldearen ardo aukeraketari eta ekoizpenari. Gero, 2006an, beste aukeraketa bi egin zituzten, biak ere erabat pribatu izaerarekin, hau da, ez merkatura ateratzeko. Emaitzek asko poztu zituzten taldeko partaideak, eta proiektuarekin jarraitzea erabaki zuten. Baina eurentzako bakarrik izan beharrean, eta haietako batzuk ardo banatzaileak zirela kontuan izanik, merkatura ateratzeko erabakia hartu eta aurrera jo zuten.

Ardoak produkzio mugatu eta itxietan botilaratzen dituzte, zenbaki korrelatiboak dituen segida batean, eta bota-tik ateratako data zehatz-mehatz jartzen dute.

2007ko udatik aurrera, eta zenbait ardo merkatariri esker (Quim Vila, Ramon Coalla...), produkzio bakoitzeko botila kopuru txiki bat jartzen dute salgai, edonori erosteko aukera emateko. Navazos taldeak egiten dituen aukeraketak mundu mailako ardoen artean koka daitezke, inongo zalantzarik gabe.

La Bota de Fino «Macharnudo Alto», La Bota de Amontillado «Navazos», La Bota de Pedro Ximenez «de Rojas», Manzanilla «I Think», Navazos-Niepoort 208, Colet-Navazos... ardo izugarriak eta bakanak, bitxiak.

Colet-Navazos, adibidez, ardo apardunaren (cava) eta Jerezko ardoen arteko nahasketa dela esan daiteke, harrigarria eta ederra, agian inork edo gutxi batzuek espero duten nahasketa, baina horren berri beste batean emango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.