Gizakiok negar eta barre egiteko senarekin jaiotzen gara, baina ez musu emateko senarekin. Musuak ematen gerora ikasten dugu. Euskal kulturan, adibidez, afektuarekin eta maitasunarekin erlazionatzen ditugu. Baina pertzepzio hori ez da unibertsala.
2015ean, munduko 168 kultura ezberdini egindako inkesta bateko emaitzek erakutsi zuten soilik kulturen % 46k dutela elkarri musu emateko praktika erromantiko eta soziala. Gainera, kultura batzuetan, esaterako, ehiztari-biltzaileen komunitate indigenetan, musuak nazkagarritzat hartzen dituzte. Ez hori bakarrik, primate askok harreman sozialak indartzeko askotariko errituak egiten dituzte: batzuek musuak ematen dituzte, eta tximino kaputxinoak, adibidez, komunitateko kide hurbilenen sudur-hobietan eta begietan sartzen ditu hatzak.
Gure kulturan musuak egun ulertzen ditugun moduan existitzen diren lehen zantzua Mesopotamian dokumentatu zen K.a. 2500. urtean. Hala ere, ikertzaileek uste dute, zehatz-mehatz inoiz jakingo ez dugun arren, musuaren jatorria askoz zaharragoa dela. Garaiko medikuntza testu zaharrek agerian uzten dute ezpainetan musu emateko ohitura hedatu ahala, ahoz aho transmititzen diren birusen infekzioak erruz hedatu zirela. Hori bat dator antzinako giza aztarnen DNA analisiekin, zeintzuetan listu bidez transmititzen diren herpes sinplex 1 birusa, Epstein-Barr birusa eta giza parbobirusa detektatu diren.
Gizakioz gain, txinpantzeak eta bonoboak ere aritzen dira musuka. Elkarren arteko garbiketa saioak musuka amaitzen dituzte; ezpainak kanporatuz eta kontu handiz beren kidearen ilajean harrapatutako hondakin, intsektu edo parasitoak xurgatuz. Sozialki lotura oso estuak eratzen dituen erritual horrek denbora eta lan asko eskatzen du, batez ere ilajea ugaria denean.
Ikertzaileek uste dute lehen gizakiek higieneari dagokionez egungo primateen antzeko jokabideak zituztela; eta, eboluzioaren poderioz, lehen gizakiek ilajea galdu ahala, garbiketa errituala erraztuz eta denboran laburtuz joango zela. Horrela, hasierako musuak, jada garbiketa kontuetarako hain beharrezkoak ez izan arren, elementu sozial gisa mantendu zituztela. Hori dela eta, musuak garai bateko portaera erritual baten aztarnak direla proposatzen dute.
Historia bizirik mantentzeko bada ere, segi musuak ematen! Baina hobe afektua erakusteko ematen baditugu. Banakoen arteko loturak indartzeko hamaika portaera existitzen dira, eta bestela gogoratu tximino kaputxinoarena… Modua edonolakoa izanik ere, adieraz ezazue maitasuna eta esker ona, hori baino keinu ederragorik ez da eta!