Aitortu behar dut primeran.eus plataformak hainbat gauza on dituela. Euskaraz sortutako fikzio originalaren faltan, euskal azpidatziak dituzten edukiak ikustea da horietako bat; baina, apur bat harago joanez, egia da telebista tradizionalean —auskalo zein arrazoirengatik, ez dagokit niri erabaki horiek hartzea— lekurik ez duten beste eduki batzuk topa daitezkeela bertan. Nik behintzat gustuko dut tarteka plataforman sartu eta berrikuntzen artean saltseatzen ibiltzea. Urte amaierarekin, kasualitatea edo ez, musikarekin lotutako hainbat eduki interesgarri txertatu dituzte bertan.
Bata kontzertu bat da, Izarorena. Gabon kantez osatutako diskoarekin bi Kursaal bete ostean, ETBrentzat eskainitako kontzertu bat grabatu zuen bandarekin Orioko Mutiozabal ontziolan, Izaro Gabonetan izenpean. Ordu erdi besterik irauten ez duen ikus-entzunezko pieza da, ETB1eko Oholtzan saioaren estiloan. Entretenigarria eta mimoz landua, edozein tartetxo baliatu dezakezue bistazo bat bota eta abestiekin gozatzeko.
Besteak denbora gehiago eskatzen du, baina modu berean da interesgarria: Musikaz. Bertan, Klara Mendizabalek aurkeztuta, Euskal Herriaren historian izan ditugun zenbait musikari klasikoren berri ematen dute: Arriaga, Sarasate, Aldabe, Aita Donostia, Olazaran eta, nola ez, Ravel. Euskal folklorea, musika klasikoaren eraldaketa edota ereserkien mundua gustuko baduzu, sei ataleko ikus-entzunezko honek zuretzako egina izan beharko luke.
Hautatu dudan azkena 45 minutuko dokumental labur bezala ikus daiteke. Zetak: hau ez da kontzertu bat dio izenburuak, eta ez, ez da kontzertu bat, baina Pello Reparazen proiektuak irailean Unenun egin zuen kontzertua hartzen du aitzakiatzat, haren ibilbidea eta zenbait gogoeta partekatzeko. Kontzertu hartako irudiak, Zetak-en bideoklip ezberdinetako zatiak, Pelloren beraren eta haren inguruko beste zenbait pertsonaren testigantzak eta Beriain mendiaren inguruan dronearekin hartutako irudi ikusgarriak —Pello, aurkeztu iezadazu kamerari hori mesedez— tartekatzen ditu gustu handiz egindako lan honek. Horrek guztiak, noski, urtarrilaren 3an eta 4an Nafarroa Arenan egingo duen Mitoaroa ikuskizun handirako promozio-bideo gisa funtziona lezake; baina alferrik jada: bi kontzertuetako 15.000 sarrerak salduta daude.