Aritz Galarraga.
Komunikazioa. Ekografiak

Misil okertuak

2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ez dakit zehatz beste bazter batzuetako hedabideen egoera erreala zein den. Tira, irakurri dut, eta hala izango da, Italia aldean 100 egunkaritik gora ixteko arriskuan daudela, gobernuak agindutako diru laguntzen murrizketen ondorioz—100 egunkari; jarri naiz pentsatzen mundu mailan zenbat ezagutzen ditudan eta ez naiz erdira gerturatu—. Baina, egoera erreala zein den ezagutu gabe ere, irudipena daukat ez dutela Espainiar Estatuan daukaten —edo daukagun— ezinegon bera transmititzen. Izango da ez naizelako horietan bizi, eta bai, oraindik ere, honetan. Eta giro hori airean dagoela, arnasten dela, eta egunero agertzen dela notiziaren bat edo beste. Azkena: Valentziako Canal9 eta Radio 9rako erregulazio espediente bat prestatzen ari dela bertako gobernu autonomikoa. Eta lehen ondorioa garbia baino zikina izango da: 1.000 langileren kaleratzea, lantaldea 1.800 lagunekoa denean. Arrazoiak ekonomikoak dira, noski, nola ez. Garai batean errua ETAk izango zuen, gaur beti krisiak. Baina gauza kuriosoa da krisi egoera langileek ordaindu behar izatea, sortu, beste batzuek sortu duten bitartean. Ezen hedabide baten kudeaketa eskasa ez du langile talde batek egiten; bai, ordea, langile talde hori, etxea bere osotasunean kudeatzeko ardura duten agintariek. Eta 22 milioi euro gastatzen badituzu 1 Formula emateko, aita santuaren bisita arranditsuki ematen baduzu, ondorioren bat hartu beharko zenuke zure gain gero zuloa agertzen bada. Pentsa, erregulazio espedientea egiteko ere 190.000 euro ordainduko zaizkio enpresa pribatu bati.

Eta gero agertzen dira politikariak. Tira, politkariak edo politikari-aktoreak, edo aktore-politikariak, nahiz gero eta lotuago dauden bi lanbideok. Valentziarra gainera: Toni Canto, euskaldunon lagun handia—-hemen lehen digresio bat: tipo honek esan dezake «los fascistas de Amaiur» lasai asko, eta eztul ere ez diote egiten—; Valentziarra eta UPDkoa —eta hemen bigarren eta azken digresioa: UPD, a ze deskalabru koadrila, Pombo, Gorriaran, Gorka Maneiro, Rosa Diezbera—. Ba Cantóo honek hartu eta zintzilikatzen du bideotxo bat Twitter kontuan, ezer ez, txantxa hutsa, non misil batek suntsitzen duen Canal 9ko eraikina. Eta esaten du: «oso ona! Canal 9ren defizita bukatzeko soluzio posible bat». Ai misilak, helburua okertu, eta nik dakidan baten ipurdian emango balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.