Neandertala antzina bizi izan zen giza espezie bat da, orain dela 40.000 urte inguru bizi izan zena. Nahiz eta ezaugarri batzuk haiekin konpartitzen ditugun, hala nola tresnen erabilera edo portaera sinboliko batzuk, neandertalak sendoagoak ziren, garezur luzeagoa zuten, eta hotzari egokitutako gorputzak zituzten; gizaki modernoak, berriz, lirainagoak gara, eta garezur biribilduak eta kokotsa finduak ditugu. Gure familiakide horiek Europan eta Asian eboluzionatu zuten, gaurko gizaki modernoek (gure espeziea) Afrikan eboluzionatu zuten bitartean. Gure espeziea Afrikatik Europa eta Asiara migratzean, orain dela 60.000 urte inguru, neandertalekin gurutzatu zen, eta, topaketen ondorioz, DNA neandertala topatu dezakegu gure material genetikoan. Hau da, ondorengo ugalkorrak eduki zituzten.
Pasa den hilabetean Science aldizkarian publikatutako ikerketa batean, neandertaletik jaso ditugun gene zehatzak deskribatu dituzte. Ikerketan gaur egunetik orain dela 45.000 urtera arteko giza genomak analizatu dituzte, neandertalen jatorri ebolutiboa aztertzeko. Aztertutako genomak neandertalen erreferentzia genomarekin konparatu zuten, zeina fosiletatik sekuentziatu zen orain dela urte batzuk. Aurretik uste bazen gizaki modernoaren eta neandertalen arteko truke genetikoa konplexua izan zela eta hainbat gertaeratan banatu zela, ikerketa berri horrek gene transferentzia denbora tarte bakar batean gertatu zela aditzera eman du. Topaketa nagusi bakarra aurkitzeak egoera sinplifikatu du, kontaktu labur batekin gure espeziean marka genetiko iraunkor bat uzteko nahikoa izan zela erakutsiz.
Ikerketaren ondorioz, badakigu gure ahaide horietatik jasotako geneei esker abantaila batzuk bereganatu genituela, ingurumen berrietan bizirauteko ahalmena eskaini zigutenak. Hain zuzen ere, azalaren kolorearekin zerikusia duten geneek gizaki modernoak Europa eta Asiako klima hotzetara egokitzera lagundu zuten. Azalaren kolore argiagoak argi gutxiko guneetan D bitaminaren ekoizpena erraztu zuen, hezur-osasunerako eta sistema immunologikorako ezinbestekoa zena. Neandertalen geneei esker, patogeno ezezagunei aurre egiteko gaitasuna hobetu genuen, eta ingurune berrietan zeuden bakterioen eta birusen aurka egiteko gure immunologia-sistema indartu. Laburbilduz, egokitzapen genetiko horiek aukera eman zioten gizaki modernoari giro desberdinak eta etsaiagoak kolonizatzeko, Afrikatik kanpoko ekosistema ugaritan bizirauteko aukerak areagotuz.
Gauzak horrela, gizaki moderno ez-afrikarrak neandertalaren genomaren %1-2 daramatzagu gure barnean, eta horri esker gaude gaur gauden lekuan eta moduan. Neandertalak antzinako eta desagertutako espezietzat jo ohi ditugun arren, egokitzeko eta bizirauteko lagungarri izan zaizkigun haien ezaugarri batzuek gaur egunera arte iraun dute. Agian, iraganaren zati gisa bakarrik ikusi beharrean, gure historia ebolutiboan izan duten eragina aitortu beharko genuke, eta, zentzu batean, garenaren parte izateagatik eskerrak eman.