Maratila
Metamorfosiak
Lausanne. 1928. Skira editoreak nahi du absolutuki Picassok ilustra diezaion sortu berri duen argitaletxeko lehen liburua. «Akort», dio Picassok. Ordea zein liburu hauta? Gauzak horrela, hona non pintoreak ametsetan ikusten dituen arrain bilakatzen ari diren emazteak. Ametsa Pierre-ri, Henri Matisse-ren semeari kontatzen dio eta honek dio orduan Ovidioren Metamorfosiak ilustratzeko ideia ematen. Lehen bi grabatuak 1930ko irailean ja bukatuak ziren: Orfeoren heriotzaz. Urriaren 25ko hogeita zazpi akuaforteak eginak zituen. Hamabost hautatuko dira, Metamorfosiak dituen «liburu» bakoitzarentzat bat. 1931ko urriaren 25a: liburua Picassoren 50 urteen betetze egunean kaleratzen du Skirak. 2012ko iraila: Chêne argitaletxeak edizio mitiko horretaz egin dituen berrargitalpenak (2008), Pariseko Pinakotekan 5 eurotan daude salgai merkealdian. « Jendeak ez ditu erosten... » dio hango liburutegiko saltzaileak, deblauki. Ez dut ulertzen badaitekeenik ere horrelakorik... Ilustrazioen finezia eta poesia: «Jupiterren eta Semeleren arteko amodioak», «Herkules eta Nezo zentauroa», «Euridize suge batek sistatu zuenean», «Faetonen erortzea Eguzkiaren karroarekin»... Skiraren edizioa artista-liburuetan (livre d'artiste) kataloga dezakegu (eta ez Artist Book-etan, besteak beste, artistak osoki konzebitzen dituen liburuak direlako hauek, eta testuak ez duelako inportantzia berezirik). Metamorfosiak ilustratzen duelarik aldiz Picassok, hurbiletik du segitzen Ovidio. Ale guti atera zituen Skirak, eta osoki inplikatu ziren lanean bera editore bezala, Picasso eta inprimatzailea. Eta ametsen bidez: Ovidio eta Picasso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu